Eneko Azedo garatzaileak Telegram bidezko partidak atzean utziko ditu osorik eraberritutako RPG bideojokoarekin. Finantzazio kanpaina abiatuko du azaroaren 17an.

Euskal Herriko tokiak zein historia mitologiarekin eta fantasiazko izakiekin batuko ditu ADUR Azken Erronka garatzen ari da Eneko Azedo sortzailea. Txandakako borrokak, esplorazioa eta erabakiz betetako bidaiak proposatuko ditu bideojokoak.

Gure pertsonaia sortu —estatistikak, ezaugarriak eta Adurrarekin duen trebezia edo indar fisikoa hautatuta—, eta Euskal Herri osoa zeharkatzera eramango gaituen abenturari ekingo diogu Adurren hurrengo bertsioan. Testu bidez azalduko zaigun istorioan guk aukeratuko ditugu hartu beharreko bideak: herri, hiri nahiz kokaleku ezagunak igaroko ditugu gure bidaietan, baina, noski, han-hemenka gabiltzala, denetariko jazoerak eta erronkak agertuko zaizkigu.

Final Fantasy edo Slay the Spire bezalako tituluak aipatzen ditu inspirazio iturritzat egile euskaldunak: hortik omen datoz txandakako borrokak edo partida zein ibilbide berriak egiteko roguelike mekanikak. Dena den, rol mahaijoko klasikoen kutsua ere badauka Adurrek; ez da harritzekoa, 2021ean mahaijoko fisikoa argitaratu baitzuen Azedok Imanol Etxebarria marrazkilariarekin eta Eneko Sanchez editorearekin elkarlanean.

Rol abentura ez da, gainera, Adurren unibertsoan girotutako lehen bideojokoa: 2022an Telegram bidez jokatzen den testu bidezko ADUR Azken Erronka rol abentura originala kaleratu zuen.

Horren gaurkotutako eta hobetutako bertsioa da, hain zuzen ere, Azedo egun prestatzen ari dena: bitxikeria gisa sortu arren, originalak “sekulako arrakasta” izan zuela azaldu du egileak, “lehen Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela” —JUERJOIa—, eratuta.

Telegram bertsioa 2023an itxi zuen garatzaileak, “zerbait aurreratuagoa prestatzeko” helburuarekin. Bideojokoen garapen tresnetan sakondu, hauekin programatzen ikasi, eta, kanpoko ezinbesteko laguntzarekin —Imanol Etxeberria marrazkilari lanetan ari da berriro—, proiektuari gogor ekin dio garatzaile euskaldunak. Bideoetan eta irudietan ageri den modura, bideojokoa euskara hutsean gozatzeko aukera egongo da.

Bideojoko bat kaleratzea ez da horren erraza, tamalez; hori lortzeko, bideojokozaleen, rolarien zein lagundu nahi duen ororen babesa beharko du Azedok. Hori jakinda, Itsulapikoa webgunaren bitartez finantzazio kanpaina abiatuko duela iragarri du: azaroaren 17tik abenduaren 14ra bitartean ekarpen ekonomikoak egiteko aukera egongo da. Bildutako diruarekin “jokoa bukatzeko falta den beharreko aurrekontua” eskuratzea bilatzen du egileak.

Proiektua aurkezten izango da Azedo aurten Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldian. Azaroaren 15ean Bilboko Euskararen Etxean egingo du biltzarrean parte hartuko du, ADUR zaharberrituaren garapen prozesua azalduz zein “bideojoko garapen txikiak handi bihurtzeko erabiltzen dituen lanabesak” aurkeztuz.