Testu bidez jokatzen den doako abentura da. Rol talde birtuala orain hilabete batzuk ireki zuten arren, orain publiko osora zabaldu dute.

Proposamen benetan bereziaren berri eman dute orain urtebete kaleratu zen ADUR rol jokoaren arduradunek. Mahaijokoa bideojokoan bilakatu dute: ADUR - Azken Erronka izenarekin, Euskal Erdi Aro mitologikoan girotutako obra hau Telegram bidez euskaraz eta doan jokatzeko pentsatuta dago.

Baina nola jokatuko da bideojoko batera mezularitza aplikazio baten bidez? Erantzuna oso sinplea da: testu bidezko titulua da Azken Erronka. MMORPG gisa aurkeztu du Eneko Azedo sortzaileak; hori bai, deitura euskaratu du. Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela generoko bideojokoa dugu. Hau da, JUERJOI-a.

Azedok bere lana “rolarien topalekua, rol kanpaina handia, mahai joko digitala” dela nabarmentzen du. Horrez gain, “bideojoko retroa” dela dio sortzaileak: “1980ko hamarkadan, bideojokoen hastapenetan, MUD edo Multi-User-Dungeon deiturikoak horrelakoak ziren. ADUR – Azken Erronka horrelako zerbait da baina gaur egungo teknologietara ekarrita, mugikorrarekin jolas daitekeelako”.

Formatuari dagokionez, Telegram bidez “jende gehiagori rol jokoetara hurbiltzeko aukera” ematen diola nabarmentzen du Azedok; izan ere, “edozein lekutan eta unetan jolasteko” aukera eskaintzen du. Nola ez, azken helburuetako bat jendearen artean roleatzen aritzeko grina piztea da: nahi duenak rolean mahaigaineko edo aurrez-aurreko eran jolasteko “atea irekita” daukala dio arduradunak.

ADURekin gertatu modura, Euskal Herriko benetako jazoerak eta kokalekuak bertoko mitologiarekin eta fantasia istorioekin batzen ditu Azken Erronkak. Jokalariek eman beharko duten lehen pausoa mota desberdinetako pertsonaiak sortzea izango da. RPG generoko izen ezagunak entzungo ditugu, hortaz: gerlarien, aztien zein sorginen rola hartuko dugu… baina baita beste mota bateko lanbideena ere. Baserritarrak nahiz artzainak izan gaitezke.

 

Nahi bezala, edonon eta edonoiz

Telegrameko txataren bidez gainerako jokalariekin hitz egiteko, informazioa eta objektuak trukatzeko, salerosketan aritzeko zein komando desberdinak erabiltzeko aukera daukagu. Objektuak eman, bideetatik aurrera egin, ehizan ibili… Hauek egiteko rol jokoaren arauak ezagutzea ezinbestekoa izango da, noski. Txanpon birtualekin burutuko ditugu jarduerak edo ekintzak: bost arrakasta lortuta egin ahalko ditugu, bestela, porrot egingo dugu.

Egun bakoitzean jarduera kopuru mugatu bat egin ahalko da. Noski, ekintza desberdinei denbora gehiago ala gutxiago eskaini behar zaie: borroketan, hitz egiten, ikusmiran edo ibiltzen ariko gara.

Hauek gauzatzeko hautatutako moduak ere zeresana dauka. Adibidez, bidaiatzerakoan oinez bagabiltza zaldiz edo gurdiz ibilita baino denbora gehiago beharko dugu lekuetara iristeko. Gauza bera gertatzen da bideei ekiten ez badiegu: menditik zehar aritzea erabakitzen baduzu, patxadaz hartu beharko duzu. Hiribilduetan, berriz, jarduerek puntu erdi eskatzen dute.

Testu interaktiboen bidez funtzionatuko du jokoak: hauek programatutako bot-ak helaraziko dizkigu. Bot honek egingo ditu mahaigaineko rol jokoen gidari lanak; normalean, rol hau hartzen duen pertsonak joko barruan agertzen doazen egoerak azaldu eta testuingurua eskaintzen du. Jokalarien esku dago erronka eta egoerari bakoitzari aurre egiteko bidea hautatzea.

 

Harremanak sortzeko lekua

Gure pertsonaiak bidetik arriskuak aurkituko ditu, eta baita Erronka anitzak ere. “Jokalaria, Erronka hauek gainditu ahala, bere pertsonaia garatzen joango da”, dio Azedok. “Horrela Heroiaren bidea gauzatuko du”. Jokalari batzuek bakarka aritzea nahiago duten bitartean, beste askok taldeak osatzen dituztela nabarmentzen du rolariak.

Azken kasu horietan, “harreman estuak” sortu ohi dira: “Jokalari batzuek gertatzen zaienaren inguruko kronika txikiak edo kondaira modukoak idatzi izan dituzte, eta une hunkigarriak gertatzen ikusi dut; adibidez, pertsonaia bat joko barruan hil denean bere lagunek haren omenez testu ederrak agur gisa eskaini dizkiotenean”.

Hori bai, ez gara uneoro jokalari berberekin ibiliko. Gune batetik bestera aldatzerakoan, Telegram txatez ere lekualdatuko gara: kokaleku bakoitzean girotutako taldeak sortu ditu Azedok. Esan bezala, Euskal Herrian girotutako jokoa da, beraz Agurain, Altsasu, Leitza, Iruñea eta beste hainbat herri bisitatuko ditugu. Horrela, ezingo gara mapako beste puntan dauden jokalariekin hitz egiten ibili: une horretan gure inguruan dauden pertsonaietara mugatuko gara.

Jarduerak eguna bukatzean berreskuratzen dituzte jokalariek; zehazki, 05:00etan berrizten da pertsonaien fitxa.Gure pertsonaiaren fitxa garrantzitsua izango da baita: bertan azalduko zaizkigu ezaugarri guztiak. Indarra, adimena, trebezia, kemena zein Bizitza eta Adur —bizindar— puntuak kudeatuko ditugu. Geroz eta gehiago jokatu, hauek areagotzen eta hobetzen ariko gara.

Azken Erronka publikora orain ireki duten arren, hainbat hilabetez prestatzen eta probak egiten ibili da Azedo. Nahiz eta bakarka garatu, denak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzen lagundu dioten jokalariak izan ditu: “Testeatzeko orduan Rolariak taldea izan da nabarmenena, ADUR liburua erosi zutenei eta Game Erauntsiari ere gonbidapena bidali nien eta horiek ere lagundu zuten”.

Sortutakoaz gozatzeaz gain, Telegrameko jokoa hazten eta hobetzen joatea da rolariaren helburua. “Egunetik egunera mundua handituz doa eta edukiak gehitzen” joango dela dio Azedok.

 

Doan eta euskaraz

Norbere istorioak sortzeko joko interesgarri hau, arestian aipatu bezala, guztiz doakoa da. Parte hartzeko behar den bakarra Telegram kontua edukitzea da; hau da, ordenagailu bidez zein Android eta iOS gailu mugikorretan jokatzeko prestatutako titulua da. Behin Telegram talde orokorrera sartuta, bertan agertuko zaizkizu argibide guztiak; horrez gain, gainerako jokalarien laguntza ere jasoko duzu.

Interesa baduzu, sortzaileak argi dio: “Zatoz mundu miresgarri hau eta bere barruan aritzen diren beste jokalariak ezagutzera!”.