PC-ra helduko da Epic Games Store bidez, Epic Games Publishing-ekin elkarlanean prestatzen ari Remedy estudioa. PlayStation eta Xbox kontsoletan ere argitaratuko dute.
“Hau zuentzat da”. Horrela iragarri du Sam Lake garatzaile ezagunak bere bideo-jokorik ezagunenetako baten itzulera frankiziaren zaleek eratutako Sudden Stop webgunean. Alan Wake Remastered birmasterizazioan lan egiten ari da Lake Remedy Entertainment estudioarekin batera.
Orain 11 urte estreinatutako abenturaren “jatorrizko esperientzia” aldatu gabe, atal grafikoa “eguneratu eta hobetu” egingo dute bertsio honetan. “Alan Waken modeloa eta zinematikak eguneratu eta hobetu egin ditugu belaunaldi berriko hobekuntza batzuekin”.
Birmasterizazioa zaleek Alan Wake hainbat urtez “babestu” dutelako posible dela adierazi du Lakek. “Alan Wake orain 11 urte kaleratu zen, eta ordu hartatik behin eta berriz adierazi diguzue zenbat maite dituzuen jokoa, istorioa eta pertsonaiak. Horrek asko esan nahi du guretzat. Guk ere joko hau maite dugu. Joko hau maite dut”.
Bertsio berria jatorrizko jokorako prestatutako bi espantsioekin kaleratuko dute, eta Sam Lakek berak egindako iruzkinak ere entzun ahalko dira obra jokatzerakoan.
Akzioz eta misterioz betetako abenturaren itzulera askotan entzun izan da sarean. Joan den urteko apirilean Epic Games Publishing argitaletxeak Remedyren bideo-jokoak argitaratuko zituela iragarri zuen, “sormen askatasun osoa” eskainita. Estudioaren azken joko Control-en Alan Waken inguruko aipamenak egiten ziren, argi utzita Remedyk oraindik gogoan zeukala bideo-joko arrakastatsua.
Epic Gamesekoen babespean garatutako birmasterizazioa izanik, PCan Epic Games Store saltoki digitalaren bitartez merkaturatuko dute Alan Wake Remastered. Halere, PlayStation eta Xbox kontsoletara ere iritsiko dela adierazi du Lakek, Sony-koen kontsoletara iristen den lehen aldia izanik.
Argitaratze datari dagokionez, udazkenean jokatzeko prest eduki nahi dute Remedykoek, eta laster xehetasun gehiago zabalduko dituztela agindu dute.
Iruzkinak