Basajaun Games-en lokalizazio lana PC-ra eta Android-era iritsiko da. NomnomNami garatzailearen nobela bisuala da.

Apirilean eratu zen Basajaun Games estudio bilbotarra, eta dagoeneko euren lehen lanaren argitaratze data dakigu. Amaiera Tragikoen Antzokiaren (Bad End Theater) euskarazko itzulpenean lan egiten dabiltza, eta ekainaren 15ean kaleratuko dutela jakitera eman dute.

“Zain egon zareten guztioi, mila esker zuen pazientziagatik”, adierazi dute euskal garatzaileek: “Agindutakoa betetzera gatoz”. AEBetako NomnomNami garatzaileak iaz merkaturatutako nobela bisuala da Amaiera Tragikoen Antzokia.

Genero honen jarraitzaileek ondo dakitenez, hizketaldiak eta testu luzeak dira nagusi mota honetako tituluetan. Hori horrela, lau pertsonaia izango dira abenturako protagonistak: heroiaren, dontzeilaren, morroiaren eta deabru anderearen rola hartuta hauen zorigaiztoko istorioak biziko ditugu. Izan ere, patu ilunek zeresan handia edukiko dute.

Erabakiak hartzea izango da gure betebeharra: hauen arabera ondorio desberdinekin topo egingo dute pertsonaiek. Gure esku egongo da hauentzako zorioneko amaiera aurkitzea; guztira 40 bat bukaera eratu dituela nabarmentzen du NomnomNamik.

Lokalizazio lana garatzailearen batera burutu dute Basajaunekoek; are gehiago, bilbotarrek hartutako erabaki guztiak “istorioaren egileak onartutakoak” direla azpimarratzen dute. Diotenez, obrak 16.000 hitz inguru ditu, baita 600 bat irudi ere. Gabriel Fiallegas Medina garatzailea arduratu da itzulpenaz. Ez da halakoak egiten ibili den lehen aldia; izan ere, aurretik Delta Squad P argitaratu zuen gure hizkuntzan.

Basajaunekoen lehen proiektua itzulpen lan hau izan bada ere, dagoeneko bideojoko propioa prestatzen dabiltzala adierazi dute. “Gogor lanean” dabiltza, baina estudioa ofizialki apirilean aurkeztu zenez, oraindik itxaron baino ezin dugu egin hau ezagutzeko.

Amaiera Tragikoen Antzokia Android gailu mugikorretan eskura daiteke Google Play Games bidez. Ez hori bakarrik, ordenagailuetan ere saltzen da: jokalariek Steam eta Itch.io saltokien artean aukera dezakete. Esan bezala, ekainaren 15etik aurrera jokatu ahalko da euskaraz.