Basajaun Games talde bilbotarrak itzuli zuen NomnomNami garatzailearen nobela bisuala 2022an: bertsio digitalak PCan eta kontsoletan aurki daitezke.
Super Rare Games eta Serenity Forge argitaletxeek Amaiera tragikoen antzokia (Bad End Theater) fisikoan merkaturatuko duela jakitera eman du. Switch kontsolarako bertsioa kartutxoa bihar estreinatuko da, jokoa euskaraz gozatzeko aukera eskainita.
Izan ere, Basajaun Games estudio bilbotarrak burututako lokalizazioa hautatu ahalko da bertsio fisikoan. PCko eta Android gailuetako bertsioak jokatu ahal izan genituen euskaraz lehenengo, 2022. urtean, NomnomNami garatzaileak ofizialki inplementatuta; beranduago, 2025ean, egileak PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletarako port digitala prestatu zuen, euskarazko itzulpenarekin.
Lau pertsonaia nagusi gidatuko ditugu nobela bisual koloretsuan: heroia, dontzeila, morroia eta deabru anderea. Hizketaldi artean erabakiak hartu beharko ditugu bakoitzarekin, bide berriak eta istorio desberdinak desblokeatuz. Zorigaiztoko patuak izango dira nagusi —40 bat ikusiko ditugu—, izenburuak adierazten duen bezalaxe, baina gure esku egongo da amaiera komenigarrienak bilatzea.
Hizketaldiak nagusi diren jokoan testu kopuru handia aurkituko dugu, noski: Basajauneko Gabriel Fiallegas 16.000 hitz eta 600 bat irudi euskaratzeaz arduratu zen. Zoriontzekoa, hortaz, aspaldi egindako lanak bizirik eta bide gehiagotatik gozatzeko aukera eskaintzen jarraitzen duela ikustea.
Switcheko edizio fisikoa hainbat oparirekin etorriko da, gainera: protagonisten txartelak eta bestelakoak jasoko dituzte erosleek —jokorik gabe erosteko aukera ere eskaintzen da—: Super Rare Gamesen webgune ofizialean aurkituko ditugu. Esan bezala, bihar merkaturatuko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak