PS, Nintendo eta Xbox gailuetan jokatuko dugu NomnomNami-k sortutako eta Basajaun Games-ek euskaratutako lanean. PCan nahiz mugikorretan estreinatu zen 2021ean.

Amaiera Tragikoen Antzokia kontsoletara eramateko lanean ari dela iragarri du NomnomNami sortzaileak. Serenity Forge argitaletxearekin batu da uztailaren 10ean port-ak plazaratzeko; gainera, euskaratuta helduko da kontsoletara.

Nobela bisual koloretsuan hizketaldi luzeak eta erabaki garrantzitsuak hartuko ditugu; izan ere, antzezlanaren zuzendari izango gara. Izenburuko zoriogaiztoko bukaerak ardatz izango direnez, hautatzen dugunekin adi ibili beharko gara.

Lau protagonista ikusiko ditugu: Heroia, dontzeila, morroia eta deabru anderea hautatuta hasiko da partida bakoitza, elkarrekin lotzen diren istorioak eta pasarteak bizitzeko. Guztira 40 amaiera baino gehiago agintzen ditu egileak: hautu desberdinen bidez desblokeatuko ditugu guztiak.

Basajaun Games estudio bilbotarrak egindako itzulpenari esker jokatu ahalko da gure hizkuntzan PlayStation, Nintendo zein Xbox kontsoletako bertsioetan. Izan ere, bertsio originala 2021ean plazaratutakoa bada ere, 2022an jasotako gaurkotzearekin ofizialki euskaratzeko elkarlana burutu zuten bi sortzaileek: ordenagailuetarako zein gailu mugikorretarako prestatu zuten itzulpena.

Ez zen lokalizazio lan xamurra izan: 16.000 hitzak gainditzen ditu bideojokoak, eta, are gehiago, 600 bat irudi ere biltzen ditu. NomnomNamirekin elkarlan gehiago burutu dituzte ordu hartatik: Her tears were my light ofizialki euskaratzeko akordioa gauzatuta ikusi genuen 2022an.

Azken honen zein Amaiera Tragikoen Antzokiaren analisiak prestatu zituen Asier del Bado kideak Game Erauntsiaren blogerako: hemen irakur ditzakezue.

PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsolek uztailaren 10ean jasoko dute Amaiera Tragikoen Antzokia. Oraingoz, PCan zein Android eta iOS gailuetan joka daiteke: bertsio guztiak euskaraz daude.