Vapour izeneko proiektua agertzen da dokumentuen artean: Twitchekin batera funtzionatuko lukeen saltokia eta liburutegia izango zen.

Twitch plataformak 130 GB-eko datuen filtrazioa jasan zuen atzo. Askotariko informazioa zabaldu zen sarean: zerbitzuaren kode osoa, streamerrek plataformarekin irabazitako etekinen zifrak eta iragarri gabeko proiektuak aurkitu daitezke datuen artean. Modu horretara ezagutzera eman da Amazon prestatzen ariko zen bideo-jokoen plataforma.

Vapour ezizenarekin deitua, Steam plataformaren izena jarraituta, PC-rako plataforma eta zerbitzua izango zen Amazonena. Saltoki digitala eta erositako bideo-jokoen liburutegia aipatzen dira filtratutako fitxategietan, baina berezitasunik esanguratsuena Twitch zerbitzuarekin edukiko zuen lotura izango zen.

Streaming plataformako hainbat ezaugarrik funtzionatuko lukete Vapourrekin batera, eta besteak beste, Twitcheko bideo-jokorik arrakastatsuenentzako euskarri berezia edukiko luke. Errealitate birtualeko txat sistema ere agertzen da fitxategietan, Vapourworld izenarekin; erabiltzaileentzako mundu digitala sortuko zuten beraz.

 

Amazon, bideo-jokoetan murgilduta

Filtrazioetan agertutakoa beteko balitz, Amazonek hartutako erabakia ez zen harritzekoa izango. Twitch plataforman bideo-jokoak dira nagusi, eta halere ez zen izango Amazon industria honetan murgiltzen den lehen aldia. Alde batetik Amazon Luna jokoen harpidetza zerbitzua abiarazi dute dagoeneko; bestetik, Amazon Game Studios garatzailearekin bideo-jokoak sortzeari ekin diote, joan den astean merkaturatutako New World arrakastatsuarekin 700.000 jokalari batuta estreinaldi egunean.

Sarean zabaldutako fitxategiak eta informazioa arakatu eta aztertu bitartean, etorkizunean bigarren filtrazioa emango dela dirudi. Izan ere, atzo zabaldutakoa lehen atala baino ez dela diote filtrazioaren egileek.

Bien bitartean, Twitchekoak gertatutakoa ikertzeko lanean dabiltza. Jakitera eman dutenez fitxategien artean ez dago Twitcheko erabiltzaileen daturik, baina badaezpada stream kodeak berrabiarazi dituztela adierazi dute plataformaren blogean.