2027ko urtarrilaren 31ra arte mantenduko dira zerbitzariak. Jokoa aldez aurretik erosita zeukatenek baino ezingo dute jokatzen jarraitu: saltokietatik desagertu da.
New World: Aeternum bertan behera utziko du Amazon Gamesek. MMORPG titulua ixteko asmoa aditzera eman dute egileek prentsa ohar ofizialaren bitartez.
Bi pauso nagusi iragarri dituzte jokoari agurra emateko. Lehena, saltoki digitaletatik ezabatzea: New World ezin daiteke erosi dagoeneko. Jokalari berriak erakartzea alboratuta, pixkanaka-pixkanaka jokoa hiltzen joango dira, 2027ko urtarrilaren 31ra arte: egun horretan zerbitzari ofizialak guztiz itxiko dituzte, eta jokatzea ezinezkoa izanik.
Albisteak ez du inor ezustean harrapatu: orain hiru hilabete espantsioak, eduki gehigarriak eta gaurkotzeak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten Amazonekoek.
New World izenpean, 2021. urtean estreinaldi arrakastatsua izan bazuen ere —ostean aldibereko 913.000 jokalariak gainditu zituen—, hasiera batetik oztopoz eta arazoz betetako bideojokoa izan zen, garapen prozesua ere berdintsua izan baitzen.
2024an New World: Aeternum azpitituluarekin eraberritu zuten proposamena, hainbat berritasunekin batera PS5 eta Xbox Series bertsioak kaleratuta. Jokalarien aldetik balorazio eskasak bildu ditu: Steam-era begira jarrita, egungo iritziak ezkorrak dira.
Erabakiak, noski, zalantzak eta kezkak eragin ditu Amazon Gamesen etorkizunera begira. Joan den urteko urrian, 40.000 jokalari biltzea lortuta hainbat egunetan, adierazi zuten eduki berriak garatzeari utziko ziotela. Erabiltzaileak ez ziren batere pozik geratu, eta eguneroko jokalarien zifra nabarmen jaitsi zen ostean. Are gehiago, azken hilabeteotan kaleratzeak ikusi ditugu Amazonen bideojokoen estudioan, tartean Eraztunen Jaunaren MMORPGa bertan behera geratzeko erabakia hartuta.
Esandakoa: 2027ko urtarrilaren 31n behin betiko itxiko dira New World: Aeternumen PCko, PS5eko eta Xbox Seriesetako zerbitzariak.
Lander Unzueta
Iruzkinak