Ikerketa sakonetan parte hartuko dugu: gure erabakiak ez dira zertan zuzenak izan beharko.
Ipurtargi detektibean bilakatzera eramango gaituen Detective Firefly aurkeztu du Ametz Games estudio gasteiztarrak. Zomorro antropomorfikoen arteko hilketak eta misterioak argitzen ariko gara abentura grafiko interesgarri honetan.
Yakuza marisorgin mafiosoek Silkburg hiria kontrolatzen dute; horren ondorioz, egunero ematen dira hilketak, lapurretak eta bestelako krimenak. Gure lana hauek argitzea izango da, baina erabaki zuzenak hartzea ez da horren erraza izango horren hiri arriskutsuan.
Izan ere, erabaki moralak hartu beharko ditugula dio euskal garatzaileak: gure onura bila dezakegu, edo, ganorazko detektibeak izanik, Silkburgen etorkizunera begira jarri.
Krimenak argitzerako unean, delituaren gunea zein bertan izandako zomorroak ikertu beharko ditugu: zoko guztiak esploratu, gainerako pertsonaiekin elkarrizketak eta galdeketak mantendu… Abentura grafikoen edo nobela bisualen ohiko mekanikak, alegia.
Berezitasun interesgarria ageri da Ametz taldearen bideoan, hori bai: hiltzailea aurkitzerakoan krimenaren mapa osatu beharko dugula dirudi pertsonaia bakoitzak egindakoak zehaztuz, baita krimena gauzatzeko erabilitako objektuak jarraituz. Ikustekoa denez, Detective Firefly jarraitzeko moduko obra dugu, are gehiago, pertsona bakarrak sortutakoa dela argitzen badugu: Borja Gambrak, hain zuzen ere.
Gambraren lehen bideojoko profesionala izango da Firefly; aurretik, Blink Alley edo Reserv@ Wildpunk bezalako lan txikiak argitaratu ditu bere itch.io orri ofizialean.
Game.eus ekimenaren baitan aurkeztu zuen Ametz Gamesek bere lana, Gaua Games talde bilbotarraren Darby Is Here Forever plataforma jokoarekin batera.
Detective Fireflyk ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik.
Iruzkinak