Zital beldurzaleak Frictional Games taldearen titulu ezagunak lokalizatu ditu. PCan joka ditzakegu gure hizkuntzan.

Amnesia: The Dark Descent, SOMA zein Amnesia: The Bunker benetan maitatuak dira survival horror-en eta beldurrezko jokoen zaleen artean. Aspaldi argitaratutako bideojokoak gure mintzairan gozatzeko aukera daukagu orain: mod bidez euskara ditzakegu.

Zitalek egindako lanari esker eralda daitezke Frictional Games taldearen hiru jokoak. Ez dira itzulpen berriak, aspalditik gure zerrendan gehitu behar zirenak baino. Izan ere, itzultzaile neuronalarekin hasitako lokalizazio prozesua da; ostean, euskaratutakoak txukuntzeari eta jokoetan inplementatzeari ekin dio beldurrezko jokoen zaleak.

Amnesia: The Dark Descent 2010. urtean argitaratutako klasikoa dugu. Lehen pertsonako abenturak beldurrezko jokoen oinarri berriak ezarri zituen, sekulako arrakasta eskuratuta prentsaren zein zaleen artean; batez ere, eduki sortzaileen eta streamer-en artean eragindako eztandari esker egin zen horren ezaguna.

Iluntasuna da nagusi abenturan, misterio beldurgarria argitu beharko baitugu kokaleku desberdinak zeharkatuz. Puzzleak eta fisikak erabiltzen dituen obra zoragarria da Amnesiaren lehen atala, gaur egun ere jokatzea benetan merezi duen klasiko horietakoa.

Amnesia: The Dark Descent euskaratzea oso erraza da; ez dago esan beharrik PCko bertsioa solik eralda dezakegula. Hasteko, deskargatu euskaratzeko fitxategiak (ModDBn zein Zitalen Github orrialdean aurki daitezke). Ondoren:

  1. Kopiatu fitxategiak Amnesiaren karpetara.
  2. ‘Config’ karpetan aurkitzen den ‘base_english.lang’ ireki testu editoreren batekin.
  3. Bukaeran aurkitzen den ‘<CATEGORY Name=”Languages”>’ atalera jo.
  4. Bertan, ‘<Entry Name=”basque”>Basque</Entry>’ lerroa gehitu.
  5. Jokoa abiatzerakoan, aukeren launcher-a hautatu.
  6. Hizkuntzetan, euskara hautatu.

 

Beldurra etorkizunean

2015. urteko SOMArekin Amnesiaren oinarriak hartu zituzten, oraingoan etorkizunean girotutako abentura eratzeko. Narratiban sakonduz, beldur psikologikoan are gehiago barneratu ziren, askorentzat maisulana den istorioa garatuz.

Itsas hondoko basea esploratu beharko dugu, bidean gizakiak ziren izakiekin eta bestelakoekin topo eginez. Ez dago hauen aurka borrokan egiteko biderik; hortaz, ausardiaz bete beharko gara aurrera egiteko.

SOMA euskaratzea are errazagoa da, baina, Amnesiarekin gertatu modura, PCan solik jokatu ahalko dugu gure hizkuntzan. Deskargatu euskaratzeko fitxategiak (Zitalen Github orrialdean aurki daitezke). Ondoren:

  1. Kopiatu fitxategiak SOMAren karpetara
  2. Jokoa abiatu, eta, hizkuntzetan, euskara hautatu.

Kasu honetan, itzulpena txukuntzea geratzen zaiola dio Zitalek. Horretarako, Tasio twitzlariaren laguntza jasotzen dabil. Eduki sortzailea jokoa gainditzen dabil zuzenekoetan:

 

Lehen Mundu Gerrara, baita

Bukatzeko, Zitalek euskarara lokalizatutako azken lana dugu Amnesia: The Bunker. Iaz argitaratutako jarraipena, edo dugu: Lehen Mundu Gerrako bunkerrean barneratu beharko gara oraingoan.

Azken joko hau euskaratzeak ere ez dauka inongo misteriorik. Deskargatu euskaratzeko fitxategiak (Zitalen Github orrialdean aurki daitezke). Ondoren:

  1. Jokoa abiatu, eta, hizkuntzetan, euskara hautatu.
  2. Kopiatu fitxategiak Amnesia: The Bunker-en karpetara

 

Are itzulpen gehiago bidean

Zitalek euskaratutako hiru bideojoko gehitu ditugu gure zerrendara, baina ez dira azkenak izango. Bestelako proiektuak ere baditu esku artean zaleak: batzuk bukatzeke dituen bitartean, probak egiten ari da beste batzuetan.

Gaur gehitutakoekin, euskarazko bideojokoen zerrendak 181 titulu ditu gaur egun. Ez dira beldurraren generoko lehenak, ordea: aurretik Submersed, Signalis edo Arruyo jaso ditugu, hainbaten artean. Hauek eta askoz gehiago aurki ditzakezue Game Erauntsian.