Analogue Pocket eta Duo zoragarriak merkaturatu ondoren, gailu eta aginte berriak iragarri dituzte. 2024an argitaratu nahi dute.
Analoguekoen hurrengo kontsola hiru dimentsioetara begira jarriko da. Analogue 3D gailua aurkeztu —edo aurreratu, hobeto esanda— dute Analogue Day ekimenean: Nintendo 64 mitikoaren jokoak erabiltzeko tresna izango da. Hainbat hobekuntzekin, noski: besteak beste, 4K bereizmenean jokatzea ahalbidetuko duela agintzen dute sortzaileek.
Iragarpen txikiarekin zein misteriotsuarekin erakutsi dute lehen aldiz A3Da. “Etorkizuna hemen dela”, diote, eta “N64aren berrirudikaziotzat” izendatu dute gailua. Irudi pare bat argitaratu dituzte, baina ezin daiteke kontsola behar bezala ikusi.
Bigarren irudian, baina, 8Bitdo markaren agintea azaltzen da. N64aren C botoiak edukiko dituela ikus daiteke, baina behin betiko diseinua zehaztu gabe utzi dute —zaleak dagoeneko irudiaren distirarekin eta kontrastearekin jokatzen hasiak diren arren—.
Hori bai, Analoguen aurreko kontsolekin gertatu modura, ahaztu emulazioa: kartutxo originalen bidez funtzionatuko du. Eskualde guztietako jokoen bateragarritasuna nabarmentzen dute; alegia, Europako, Japoniako zein AEBtako kartutxoak erabili ahalko dira A3Dan.
Nahiz eta titulu originalekin funtzionatu, era guztietako berritasunak zein hobekuntzak ekarriko ditu kontsola modernoak. Hasteko, areagotutako bereizmena ikusiko dugu: 4K bereizmeneraino iritsiko dira bideojoko klasikoak. Hala eta guztiz ere, pantaila modalitate anitzak eskainiko dituzte; horrela, CRT eta PVM monitoreen kalitateak eta ezaugarriak islatu ahalko ditugu gaur egungo pantailetan.
Analoguekoen berezko sistema eragilea erabiliko du N64 eraberrituak: AnalogueOS. Horri esker Bluetooth eta 2.4G Wi-Fi konektibitate sistemak edukiko ditu, beste hainbat ezaugarriren artean. Bukatzeko, lau aginterentzako sarrerak ikusiko ditugu kontsolan: Mario Kart 64, GoldenEye edo Super Smash Bros. bezalako obra ikaragarrietan lau jokalarik elkarren aurka jokatzea mantendu behar zuten.
Ez da Analoguek kaleratutako lehen gailua. Super Nt eta Mega Sg kontsolekin hasi ziren, baina benetako ospea Analogue Pocket eta Analogue Duo erremintekin lortu dute: Game Boy/Game Boy Advance zein TurboGrafx-16/PC Engine (eta beste zenbait) gailu mugitzeko tresna eraberrituak, hurrenez hurren.
Sona bai, baina gehiegizkoa agian. Nitxozko merkatura bideratutako gailu hauek retro jokozaleen begirada guztiak harrapatzea lortu dute, eta stocka aurkitzea ez da lan erraza izaten: Pocketa ezin da erosi une honetan, eta Duoa salgai jarri beharrean, laster erosleei bidaltzen hasiko direla adierazi dute.
Analogue 3Da ikusteko itxaron egin beharko dugu, baita: 2024an merkaturatzeko asmoa agertu dute sortzaileek. Prezioa, ordea, zehaztu gabe geratu da oraingoz.
Iruzkinak