Bihar bertan uda garaiko elementuak gehitzen dituen eguneraketa jasoko du bideo-joko arrakastatsuak. Urte bukaerarako berritasunak agindu dituzte.
Animal Crossing: New Horizons ezagunak edukiak jasotzen jarraituko du aurten. Nintendoko arduradunek iragarri dutenez, etorkizunean doakoak izango diren gehigarri berriei buruzko informazio gehiago partekatuko dute, baina oraindik horiek jasotzeko itxaron egin beharko dute irletako biztanleek.
Lehenik eta behin bihar kaleratuko duten eguneraketaz gozatuko dute, baina. Su artifizialak izango dira adabakiaren protagonistak, baina uda garaiko beste hainbat ezaugarri gaineratuko dituzte honekin.
Hurrengo doako edukiak urtea bukatu baino lehen argitaratzeko asmoa agertu dute Switch-eko jokorako. Halere ez dute zehaztu zenbat eguneraketa desberdin prestatuko dituzten, ezta azkenak izango diren.
Nintendok idatzitako txio batean jarraitzaileei erakutsitako pazientzia eskertu nahi izan diete. Izan ere, biharko eguneraketa hiru hilabetetan jasotako lehena izango da. Harritzekoa da erritmo hau, Kiotoko enpresak argitaratutako azken finantza txostenean adierazi zutenez azken zergaldia bukatzerakoan bideo-jokoak 32,85 milioi ale saldu zituela kontuan hartuta.
Arrakasta ikaragarria eduki arren zaleak hainbat mekaniken eta zuzenketen zain jarraitzen dute. 2020an hamazazpi eguneraketa jaso zituen abenturak, baina ordutik hona arduradunek jokoa alboratu egin dutenaren sentipena nagusitu da jokalarien artean.
Pasa den urtean Game Erauntsian kaleratutako analisian nire kide Maitane Junguituk hau idatzi zuen New Horizonseri buruz:
Animal Crossing sagaren maitaleek saga oraindik eta gehiago maitatzeko jokoa dugu New Horizons. Ezer gutxi gertatzen den bideo-jokoa da, oso lasaia, baina asko harrapatzen zaituena. Ez da borroka eta konpetibitate bideo-jokoa eta hori eskertzekoa da, bai haurrentzat, bai helduentzat.
Animal Crossing: New Horizons Nintendo Switchean jokatu daiteke.
Iruzkinak