Gordetako partidak kontsolen artean transferitzea ahalbidetu dute. Bi jaiegun gehitu ditu, objektu eta itxura berriekin batera.
Nazioarteko herrialde askotako biztanleak etxean konfinatuta egotera pasa behar izan dira aurton. Egun luze horiek igarotzeko denborapasa aproposean bilakatu da Nintendoren Animal Crossing: New Horizons dibertigarria, eta dagoeneko estreinatu den neguko girodun eguneraketa iragarri dute garatzaileek.
Ekarri dituen berritasunen artean esanguratsuena gordetako partidak Switch desberdinen artean lekualdatzeko aukera da. Hori bi modu desberdinetara egin ahalko dute jokalariek: irla osoa transferitu ahalko dute, baina nahi izanez gero pertsonaia, etxebizitza eta bertan dauden objektuak soilik ere kopiatu ahalko dituzte. Ezaugarri horren inguruko xehetasun guztiak Nintendoren AEBtako webgunean argitaratu dituzte momentuz.
Bestalde, jokalariek jaiegun berriak ikusiko dituzte New Horizonsen. Azaroaren 26an Turkey Day deitutakoaz gozatu ahalko da: esker emate egunean oinarritutako ekimen berezia izango da. Abenduaren 24an, berriz, Toy Day izeneko jaieguna gehituko dute. Gabon gaua, hain zuzen ere.
Gainera, urteberri egunerako objektu bereziak gehitu dituzte eguneraketarekin. Objektu horiek abenduaren 31ko gabonzaharretako su artifizalen ekintza bereziarekin batera erabiltzeko aproposak izango dira.
Bederatzi erreakzio eta sei orrazkera berri ere ikusiko dituzte jokalariek neguko eguneraketarekin. Horiek Nook Milesi erosi behar zaizkio. Tom Nookek, beste aldetik, trastelekua 2.400 objektuetaraino handitzeko aukera emango du.
Animal Crossing: New Horizonsen neguko eguneraketa doan eskuratu daiteke. Game Erauntsiako Maitane Junguitu kideak Nintendoren bideo-jokoaren analisia idatzi zuen joan den ekainean: irakurtzeko egin klik hemen.
Iruzkinak