Miren Berasategi zaleak Lucas Nune garatzailearen doako bideojokoa gure hizkuntzara lokalizatu du.
Dragamina denok ezagutzen dugun bideojokoa da. Mina bilatzaile ezagunean orduak eta orduak igaro ditugu askok: jokagarritasun sinplea zein erakargarria proposatzen du, partida azkarrak nahiz luzeak jokatzeko aukerarekin. Dozenaka bertsio desberdin ditu denetariko plataformetarako, baina gaurkoan Lucas Nune garatzaileak garatutako Antimine jokoan ardaztuko gara; izan ere, Android gailuetan euskaraz jokatzeko aukera daukagu.
Miren Berasategi izan da, Antiminek harrapatu ondoren, doako tituluaren itzulpenaren arduraduna. Zorionez, Nuneren lana kode irekikoa da; hori horrela, lokalizazio prozesua erraztu du.
Gure Android gailua euskaraz badaukagu, ez dugu ezer aldatu beharko behin jokoa F-Droid webgunetik instalatzen dugunean: hasi bezain laster gure mintzarian aurkituko dugu. Bestela, hizkuntza ezarpenetara jo beharko dugu euskara hautatzeko.
Antimine “dragamina klasikoaren bertsio minimalista” dela aldarrikatzen du garatzaileak. Hau da, laukiz osatutako zelaitik sakabanatutako minak aurkitu beharko ditugu hauek leherrarazi gabe. Horretarako, karratuetako zenbakiak kontuan hartuko ditugu: zenbakiek inguruko laukietan zenbat mina dauden adierazten dute. Mina horiek markatzea izango da gure helburua.
Nuneren bertsioak azken minarekin ez erotzeko algoritmoa aurkezten du; hori dela eta, ez gara hau non dagoen asmatzen ibiliko. Horrez gain, dragaminaren ohiko modalitateak eta aukerak proposatzen ditu: zailtasun maila desberdinez gain, zailtasuna areagotzen doan partida mailakatuak dauzka. Ez hori bakarrik: zailtasun maila pertsonalizatuak sor ditzakegu.
Lagunen arteko lehia sustatzeko lorpenak zein klasifikazio taulak ere baditu Antiminek. Hauek partekatzeko aukera izango dugu. Partidak automatikoki gordeko direnez, ez gara hauek bat-batean eteteaz arduratu beharko.
Itxura nahiz kontrolak gura bezala aldatzeko tresnak ikusiko ditugu, gainera: koloreak hautatu edo animazioak eta bestelako ezaugarriak desaktiba ditzakegu, besteak beste.
Arestian aipatu modura, kode irekiko doako bideojokoa da Antimine. Deskargatzeko aplikazioaren F-Droid fitxara joko dugu: bertan obraren azken bertsioa zein aurrekoak jaitsi ditzakegu.
Antimine nahiz gure hizkuntzara itzulitako gainerako bideojoko guztiak Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkituko dituzu.
Iruzkinak