Doan estreinatu dute ordenagailuetan DigiPen Europe Bilbao ikastetxeko laugarren mailako ikasleek.

Iragan astean DigiPen Europe Bilbao zentroko egungo laugarren mailako ikasleek eratutako lehen lanak ezagutzera ematen hasi ginen Game Erauntsian. Zergatik? Bideojoko hauetako zenbait euskaraz argitaratu dituztelako. Gaur bertan kaleratu dute, esate baterako, Arclight Beat interesgarria: musika, puzzleak nahiz plataformak elkartzen ditu obra minimalista honek.

Modu horretara, musikaren erritmora saltoka ibili beharko gara kutxa baten kontrola hartuta. Doinuaren atal desberdinetarako elementu edo mekanika desberdinak ezarriko ditugu: esaterako, abesti hasieran plataforma batzuk mugitzeko agindua jarri dezakegu, ondoren gune batzuek jauzi plataforma bezala funtziona dezaten.

Horrela, abestiko une desberdinetan guk ezarritako ekintzak beteko dira, maila bakoitzaren amaierara iristea ahalbidetuta; modu batera ikusita, gure “soinu banda propioa” sortzea da jokoak proposatzen duena. Puzzle txiki hauek osatuz bakarrik bukatu ahalko ditugu erronkak. Ahalik eta azkarren gainditzeko bideak aurkitzea izango da beste gakoetako bat.

Guztira 20 maila eskaintzen ditu Iñigo Fernandez, Oier Perez, Roberto Villarejo, Felix Neila eta Chris Kwakman garatzaileek eratutako proiektu honek; hala ere, lau bonus maila prestatu dituztela ere aurreratu dute, eta hauetan garatzaileek ezarritako erritmora jokatu beharko dugu. Horiek guztiak gainditzeko lau doinu prestatu dituzte, gainera. Soinu banda ederra entzungo dugu, noski.

 

Doan eta gure mintzairan

Arclight Beat, DigiPeneko ikasleek eratutako gainerako tituluak bezala, doan eskura daiteke PC-an: Steam saltokiaren zein ikastetxeko webgunearen bidez deskarga dezakezu bideojokoa. Euskaraz aritzeko ez duzu ezer berezirik egin beharko: doikuntzen menura sartu eta hizkuntzen artean hauta ezazu.

Shadow Racer-en ostean DigiPenek aurten estreinatutako euskarazko bigarren jokoa da Arclight Beat. Hala eta guztiz ere, datozen asteetan are gehiago ikusiko ditugula dirudi. Gure mintzairan dauden bideojoko guztiak Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki ditzakezu; aipatutakoekin batera daude, besteak beste, aurreko urteetan zentrokoek merkaturatutako Kaiju In The BayouForgotten JourneyQuest 4 Papa: Reloaded eta Astra bezalako proiektu interesgarriak.