Ibai Baglietto garatzaile eibartarrak argitaratutako 5. titulua da. Doan joka daiteke ordenagailuetan.

Arima’s Shadow guztiz euskaratuta estreinatu berri da. Itch.io webgunearen bidez eskura daitekeen bideojokoak ideia berezia proposatzen die jokalariei. Txanponak biltzea helburu duen plataforma joko sinplea da, baina berezitasun batekin: biltzen dugun txanpon bakoitzeko saihestu beharreko gure klon edo itzala eratuko dugu.

Modu horretara, Eibarko Ibai Baglietto garatzaileak sortutako partiden zailtasuna etengabe areagotzen joango da. Txanda bakoitza bakarrik hasiko dugu, patxadaz; hala eta guztiz ere, txanpon bakarra eskuratzerakoan guk egindako mugimendu guztiak zehazki errepikatuko dituen klona agertuko zaigu. Segundo bateko atzerapenarekin, gure bide berbera jarraituko dute itzalek.

Hauekin talka eginez, zelan ez, partida bukatuko da. Horrela, Snake ezagunak edukitako antzeko ideia jarraitzen du Arima’s Shadowek: bizkor aritzea eta egindako bidea argi edukitzea izango dira gakoak txanponen bilketa arrakastatsua lortzeko. Amaierarik gabeko jokoa da, gainera; norbere puntuazioak gainditzea izango da erronka nagusia.

Bagliettok sortutako bosgarren jokoa da Arima’s Shadow: Unity motor grafiko ezaguna erabilita prestatu du garatzaile hasiberriak. Are gehiago, aurreko bi jokoen baliabideak eta pertsonaiak berrerabili ditu 5. garatzeko: Life Light eta Project Soul lanetara jokatzen badugu, antzekotasun handiak ikusiko ditugu.

Aipatutako hiru joko hauek zein Android gailu mugikorretarako garatutako Field Defense eta Coliseum Jump euskaraz joka daitekez; ez hori bakarrik, guztiz doakoak dira.

Esan bezala, Arima’s Shadow Bagliettoren Itchi.io orrialdean aurkituko dugu. Aurreko lau jokoei buruz ere hitz egin genuen orain gutxi Game Erauntsian.