Frankiziaren etorkizunari buruz hitz egin dute frantsesek: Hexe zein Invictus tituluak prestatzen dihardute. Unity egungo belaunaldirako adabakiarekin txukundu dute.

Ubisoftek Assassin’s Creed sagari buruzko berritasunak eskaini ditu webgune ofizialean argitaratutako artikuluan. Besteak beste, Assassin’s Creed IV: Black Flag maitatuaren berregitean lan egiten dabiltzala baieztatu du enpresak.

Aspalditik entzuten gabiltzan zurrumurrua argitu du Jean Guesdon ACren edukien arduradunak: Black Flag Resynced izenpean iritsiko zitzaigula ezagutzen genuen aspalditik. Ez digute bestelako daturik eskaini: pirata asasinoen jokoaren bideoak, plataformak zein kaleratze data ezagutu gabe geratu gara, oraingoz. Opari txiki bat utzi dute, halere: lehen irudi kontzeptuala.

Esku artean dituzten beste proiektuei buruz mintzaitu dira, baita. 2022an ezagutu genuen Codename Hexe izango da sagaren hurrengo titulu handia: Ubisoft Montreal prestatzen ari den jokoa “ilunagoa eta narratiban ardaztutakoa” izango omen da.

Guztiz baieztatuta egon gabe, entzun dugunagatik, XVI. mendean girotuko da, zehazki, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren inguruko sorgin ehizak ardatz hartuta. Kasu honetan ere datarik edo plataformarik gabe jarraitzen dugu.

Codename Invictus da aipatutako hirugarren bideojokoa: AC multijokalaria. Jokalaria jokalariaren aurka (PvP) jarriko du; Guesdonek nabarmendu duenez, “ez da zehazki zurrumurruek adierazitakoa”, nahiz eta sareko jokora bideratuta egon. For Honor arrakastatsuaren egile taldea dabil Invictus garatzen: beste behin, ez dakigu noiz estreinatuko den.

Ez dira aipatutakoetara mugatu: Assassin’s Creed Jade, Netflix-ekin prestatzen dabiltzan telesaila, edo jokoentzako aukera kooperatiboak aitatu ditu edukien arduradunak.

Bukatzeko, atzo bertan Assassin’s Creed Unity-rentzako adabakia estreinatu zuten. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako gaurkotzeak hobekuntza teknikoak dakartza: segundoko 60 fotogramako tasan jokatzea ahalbidetzen du, besteak beste, Frantzian girotutako abenturan.