Protagonista Basim izango dela dirudi, Valhalla-ko pertsonaietako bat. Irailaren 10ean gehiago ikusiko dugu.
Ubisoftekoek bere saga kuttunenetakoaren hurrengo atala ezagutzera eman dute: Mirage deituko da Assassin’s Creeden joko berria. Xehetasun handirik eman gabe, irudi bakarrarekin aurkeztu dute titulua; hala eta guztiz ere, zaleek berritasunak laster jasoko dituztela agindu dute.
Irailaren 10ean, zehazki; Egun horretan egingo duten Ubisoft Forward aurkezpenean erakutsiko dituzte lehen irudiak. Suposatzekoa da trailerren bat edo beste agertzea 21:00etan hasiko den ekitaldian.
Horretaz gain, sareetan zabaldutako iruditik bestelako datuak ere atera ditzakegu. Izan ere, bertan azaltzen den asasinoa Basim dela dirudi: Assassin’s Creed Valhallako pertsonaietako bat izanik, sagaren jokalarien artean ezaguna da jada.
Basim dagoen hiria Bagdad izango da, antza: horixe bera aurreratu zuten Eurogamer UK agerkarikoek uztailean. 2023ko maiatzean edo ekainean argitaratuko dela aipatzen zuten orduan; egia bada, Ubisoftek irailaren 10eko ekimenean baieztatuko duela pentsa daiteke.
Miragerekin batera beste AC batean lanean dabiltzala gogoratu beharra dago, gainera. Assassin’s Creed Infinity deitutako jokoa iaz iragarri zuten: Zerbitzu motako online jokoa izango da. Eurogamerrekoek diotenez, ekimen berean hau ikusteko aukera edukiko dugu.
Assassin’s Creed Mirage zein Infinity, hortaz, irailaren 10eko Ubisoft Forward aurkezpenean ikusiko ditugu.
Lander Unzueta
Iruzkinak