DigiPen Europe Bilboko Kyutt Katz ikasle taldeak doan kaleratu du Steam saltokian.

Euskaratutako bideojoko berria iritsi da PC-ra. Borrokak, abentura eta esplorazioa mitologia txintarrarekin uztartzen dituen Avaniri buruz gabiltza: doan estreinatu da ordenagailuan jokatzeko.

Kyutt Katz euskal estudioaren lehen lana da; egia esan, DigiPen Europe Bilbo ikastetxeko bigarren mailako ikasleek osatutako taldea da.

Abenturan Avani deitutako izakiaren rola hartuko dugu. Basoan dagoela, antzinako ezpata miragarria aurkituko du; nahi gabe, honen zigilua hautsi, eta bere barruan harrapatuta dagoen munstro maltzurra askatuko du.

Hau garaitzeko hondatutako lurrak zeharkatu beharko ditugu Avanirekin: ikasleek kaleratutako tituluak hiru gune nagusi ditu. Basoak, suz betetako tenpluak eta izoztutako eremuak bisitatuko ditugu, beraz. Kokalekuak esploratzeari eta puzzle sinpleak gainditzeari ere ekin beharko diogu.

Nola ez, arerioak barra-barra azalduko zaizkio Avaniri. Zorionez, lortutako ezpata erabilita askotariko erasoak egin ahalko ditu izaki iletsuak: kolpe arruntak, eraso zirkular hilgarriak nahiz magiak erabiliko ditu ezpata magikoari esker.

Jokagarritasunak eta mekanika nagusiek Bastion edo Transistor bezalako bideojokoak dakartzate gogora: argi dago Supergiant Games-ekoen lanak izan direla Avaniren inspirazio iturrietako batzuk.

Kyutt Katzekoek prestatutako zinematika labur baina ikusgarriak nabarmentzekoak dira: istorioa kontatzeko erabiltzen dituzten animazio laburrak maitasunez eginak daude.

Ikasle taldea Aihotz Arruti, Jon Legarretaetxebarria eta Irene Amor programatzaileek, Mirari Canaveras, Rong Han, Xinyi Liu eta Javier Martinez artistek zein Diego Lopez, Thomas Branch eta Aiden Yerga kideek osatzen dute.

Aipatu modura, obraren testu guztiak gure hizkuntzan irakurriko ditugu. Avaniz gozatzeko Steam plataformara jo beharko dugu: bertatik deskarga daiteke, ezer ordaindu gabe.

 

Ikasleak, euskarazko proiektuak kaleratzen

Avani DigiPen Europe Bilboko ikasleek euskaraz kaleratutako azken titulua da. Aurretik, baina, hainbat bideojoko ikusi ditugu gure mintzairan programazio zein arte ikasleen eskutik.

Zelan ez, horien jarraipena egin izan dugu Game Erauntsian: Veggie MenaceArclight BeatHan’yoArruyo edo Shadow Racer dira, besteak beste, aurten gure euskarazko bideojokoen zerrendara gehitutakoak.