Pigment Krew ikasle taldeak ordenagailurako doan kaleratu duen titulua da; Digipen Europe Bilboko garatzaileak dira.

Tiroak, magia eta plataformak biltzen dituen Veggie Menace dibertigarria Steam saltoki digitalera iritsi da. Dakartzan ezaugarrien artean bat nabarmendu behar badugu, hizkuntza da; izan ere, euskaraz estreinatutako bideojokorik berriena da Pigment Krew estudioarena.

Garatzaile taldea ikasleek osatzen dute: zehazki, Digipen Europe Bilbo zentroko bigarren mailako kideak dira. Jokin Martinez, Ibon Urkiza, Leire Martinez, Pablo Rodrigez, Iker Caldentey, Inigo Sena, Miguel Santos, Luis Rubio eta Kauldi Felix garatzaileek osatutako talde txikiak bi dimentsioko obra txiki zein berezia eratu dute azken ikasturtean.

Barazkien madarikazioari aurre egiteko lana izango dugu oraingoan. Erdi Aroko merkatu bateko txapelketan irabazi ahal izateko gaizki burututako sorginkeria baten ondorioa izango da; horren erruz, barazkiak handitu, eta bizira ekarri dituzte.

Zorionez, Megi izeneko sorgina ibiliko da bertatik. Honen kontrola hartuta, hainbat maila gainditzea eta, aldi berean, ahalik eta etsai kopururik handiena akatzea izango da gure helburu nagusia. Estetika koloretsua aurkezten du, eta girotzeen aniztasuna ere nabarmentzekoa da.

Run and gun erako mekanikak hartzen ditu tituluak: ziztu bizian ariko gara kokalekuetatik zehar gure erratzarekin tiro eginez. Jokatzen hasi eta gutxira ikusiko ditugu Metal Slug bezalako maisulanekin dituen antzekotasunak; argi dago garatzaile taldea halako jokoetan oinarritu direla beren lehen obra sortzerakoan.

Flappy Bird ezaguna gogora ekarriko duten mailak ere ikusiko ditugu. Ibilgailu gainean igota hegan jarraitzeko botoiaren erritmoa mantentzea ezinbestekoa izango da hauetan.

DigiPeneko ikasleek garatutako gainerako jokoekin gertatu modura, Veggie Menace ere doan estreinatu da. Esan bezala, Valve-koen plataforman eskura daiteke: jaitsi, abiarazi, eta menu nagusian euskara hautatzea baino ez dugu izango gure hizkuntzan jokatzen hasteko.

Veggie Menace zein gainerako euskaratutako jokoak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke. Ez hori bakarrik: gaur bertan jakin dugu Steamek euskara gehitu duela bideojokoen fitxetako hizkuntzetan.