Asier Aranzasti zaleak LocalThunk garatzailearen maisulana itzuli du. PCko bertsioa eralda daiteke euskaratzeko.

Pokerra eta kartak roguelite elementuekin uztartzen dituen Balatro ezagunari euskara gehitu zaio. LocalThunk taldearen bideojokoa gure mintzairan joka daiteke mod bidez.

Asier Aranzasti bideojokozaleak egindako lanari esker murgil gaitezke milaka jokalari harrapatu dituen zulo honetan gure hizkuntzan. PCko bertsioa da Aranzastik eraldatutakoa —oraingoz, behintzat—: Steam saltokiko bertsioa modu errazean itzultzeko fitxategia zein gida prestatu du.

Hasteko, 7-zip tresna beharko dugu. Behin jokoa erosita eta instalatuta, hauxe da euskaratzeko egin beharrekoa:

  1. ‘es_ES.lua’ fitxaegia jaitsi hemen klik eginez.
  2. Balatro instalatuta dagoen fitxategira joan.
  3. Balatro.exe aplikazioa eskuin klikarekin arrastatu 7-zip aukera agertzeko.
  4. ‘Localization’ karpetan sartu.
  5. Jaitsitako ‘es_ES.lua’ hona sartu, eta dagoenarekin ordezkatu.

 

Kolorezko eskailera

Bideojokoen munduak iaz jasotako ustekabekorik handienetakoa izan zen Balatro. Proposamena sinplea da, baina oso erakargarria: karta partidak denbora guztian eboluzionarazten dituen sistema prestatu du LocalThunkek arestian aipatutako roguelite ezaugarriekin.

Horrela, itsu desberdinetan azaltzen zaigun puntuazioa gainditzea izango da gure helburua. Poker eskuak erabiliko ditugu horretarako: bikoteak, hirukoteak, eskailerak, pokerrak… karta jokoaren zaleek ondo ezagutzen dituzten terminoak.

Joker kartek zein bestelako eraldatzaileek gehitzen diote gatza eta piperra, baina: partida bakoitzean lortuko ditugun hobekuntza hauekin gure eskuak indartuko ditugu, esaterako, egoera edo baldintza berezi zehatza bat lortuta puntuazioa biderkatuz. Adibide bat: hirukotea botatzen dugun bakoitzean eskuratutako fitxak hamar aldiz biderka ditzakegu, aldi berean, aurpegi kartak badira, karta bakoitzak eskaintzen digun fitxa kopurua areagotuz.

Konbinazioak amaigabeak dira, eta, zortea badaukagu —zein trebeak bagara—, milaka fitxa eskainiko dizkiguten eskuak jaurti ditzakegu. Joker kartak itsu bakoitzaren bukaeran azaltzen zaigun dendan eros daitezke: txandan geroz eta esku nahiz karta baztertze gutxi erabili, diru gehiago jasoko dugu. Jokerrekin batera, poker eskuak mailaz igotzeko, karta zehatzak indartzeko edo bestelako efektuak aktibatzeko txartelak zein indartzaileen pack-ak erosiko ditugu.

Adi ibili beharko gara, baina, txanda bakoitzeko hirugarren itsuak buruzagi rola jokatuko baitu. Kasu hauetan baldintza edo oztopoa jarriko zaigu: esku guztiak berberak izatea, karta batzuk ahultzea edo indargabetzea… Hortaz, hauetarako aldez aurretik prestatzea komeni da.

Pokerzaleei zein hasiberriei zuzendutako obra txiki bezain ikaragarria da Balatro. Ni neu ez naiz baitere karta jokoen zalea, baina partida eroek harrapatu nautela aitortu beharra daukat.

Gehikuntza ikaragarria euskarazko bideojokoen zerrendarentzat: Balatro zein gainerako 193 bideojokoak hemen aurki ditzakezue!