Larian Studios-ekoek ez dute argitaratze egunik zehaztu. The Game Awards-etan iragarriko dute: egun horretan estreinatuko ote da?
Urteko ezustekorik handienetakoa izan da Baldur’s Gate 3, zalantzarik gabe. PCko zein PlayStation 5eko jokalariak liluratu ondoren, Xboxekoen txanda iristear dago: arduradunek Series X zein S kontsoletan abenduan kaleratuko dela baieztatu dute.
Egun zehatza baieztatu gabe utzi dute, baina hori ezagutuko dugun eguna aurreratu dute; izan ere, abenduaren 7ko The Game Awards sarien zuzenekoan iragarriko dute BG3ren Xbox bertsioaren argitaratze eguna.
Jarraitzaile guztiek gauza bera pentsatu dute hori entzuterakoan: ziur iragarri, eta zuzenean estreinatzen dela. Ez da Xboxekoekin halakoak ikusten ditugun lehen aldia izango. Gauza bera Game Pass harpidetzarekin: ez dute bertan eskainiko dutenik baieztatu, baina ez luke inor harrituko.
Urteko bideojokorik onenak saritzen dituen ekimen nagusiko protagonistetako bat izango da Larian Studiosen RPG abentura. Zortzi saritarako hautagaia da BG3: horien artean 2023ko jokorik onenaren saria aurkitzen da —eta apustu guztiek bere alde egiten dute—.
Bideojoko erraldoia, sakona, dibertigarria eta landua eratu dute. Rol jokoen zalerik sutsuenak nahiz unibertso honetako hasiberriak maitemintzea lortu dute hainbat urte iraun dituen garapena burutu ondoren.
Game Erauntsia irratsaioan luze eta sakon hitz egin genuen Baldur’s Gate 3ri buruz:
Esan bezala, abenduaren 7an ezagutuko dugu Xboxeko bertsioaren kaleratze data. Bitartean, Baldur’s Gate 3 PCan zein PS5ean eskura daiteke.
Iruzkinak