Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzuan gehituko dute, Nintendo 64-ko beste jokoekin batera.
Rare-ren klasiko handienetako bat Nintendora itzuliko da bihar bertan. Nintendo 64an 1998. urtean estreinatutako Banjo-Kazooie hiru dimentsiotako plataforma abentura Switch kontsola hibridoan merkaturatuko dute N Handikoek.
Polemikaz betetako Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren baitan jokatu ahalko da. Bertan daude N64ko gainerako bideo-jokoak; dagoeneko hamaika estreinatu dira harpidetza zerbitzuan: azkena Paper Mario izan zen, baina aurretik Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Mario Kart 64, Lylat Wars, Sin and Punishment, Dr. Mario 64, Mario Tennis 64, Operation: WinBack eta Yoshi’s Story kaleratu ziren irailean.
Etorkizunean Pokémon Snap, The Legend of Zelda: Majora’s Mask, Kirby 64: The Crystal Shards, Mario Golf eta F-Zero X gehituko dituzte zerbitzura, besteak beste.
Prezio altuaren aldetik datoz erabiltzaileen kritikak: NSO arruntaren harpidetzak 20 euroko prezioa du, baina Expansion Pack maila nahi duenak bikoitza ordaindu behar du. N64ko jokoekin batera SEGA Mega Drive kontsolakoak gehitu dituzte Nintendokoek; noizean behin Switcheko lanen espantsioak eta eduki gehigarriak gaineratzen dituzte baita.
Banjo-Kazooie hartzaren eta txoriaren frankizia dibertigarriko lehen bideo-jokoa da; ostean, Banjo-Tooie kaleratu zen N64an. Banjo-Kazooie: Nuts & Bolts da sagako azkena: 2008an argitaratu zen, Rare dagoeneko Microsoft-en eskuetan zegoenean. Kritika gogorrak jaso zituen, eta ordu hartatik ez da bikotearen abentura berririk prestatu.
Switcheko jokalariek bihartik aurrera jokatu ahalko dute Banjo-Kazooiera.
Iruzkinak