2025ean ordenagailuan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan kaleratuko du eguneratutako abentura Ibai Aizpuruak.

Barraka itxurosoa laster ikusiko dugu berriro. Irungo Zomorro Studiok sortutako puzzle abentura dibertigarria biziberrituta iritsiko zaigu kontsoletara eta PCra; ospatzeko, Ainhoaren bidaia eroa aurkezten digun trailer berria prestatu du Ibai Aizpurua garatzaileak.

Dojo System argitaletxearekin elkartu da irundarra 2022 bukaeran Durangoko Azokan merkaturatutako bideojokoaren eguneratutako bertsioa merkatuko gailu nagusietara eramateko. Abentura originalean ikusitakoak txukundu eta hobetu ditu Aizpuruak, jokoari inoiz baino itxura hobea eskainita.

Ainhoa gaztearen rola jokatuko dugu sorgindutako barraketan zehar aritzeko. Pailazo eroei, kaktus tirokatzaileei, tximino zaratatsuei eta askoz gehiagori aurre egin beharko diegu; gainera, puzzle koloretsuak nahiz irudimentsuak gainditu beharko ditugu zirkua, autotxokeak edo garabi jokoak esploratzen ditugun bitartean, madarikazioa argitu gura badugu.

Minijokoak gainditzeko objektuak eta tresnak eskuratu ahala, mekanikak korapilatuz joango dira. Hala ere, etxeko guztiei zuzendutako obra dibertigarria da Zomorro Studiorena. Nabarmenena, baina, bere atal estetikoa da: Aizpuruaren jarraitzaileek ondo ezagutzen dituzten claymation estiloko grafikoez gozatuko dugu Barrakan, baita soinu efektu nahiz doinu dibertigarriez ere.

Euskal bideojokozaleentzat are garrantzitsuagoak dira hizkuntza aukerak; izan ere, Barrakan euskaraz jokatu ahalko dugu estreinatuko den plataforma berrietan. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One zein Nintendo Switch kontsoletako saltoki digitaletan aurkitu ahalko dugu joko irundarra gure hizkuntzan, baita PCko Steam plataforman ere.

Barrakaren eguneratutako bertsioak ez dauka argitaratze data zehatzik, baina, dena ondo badoa, “2025 hasiera aldera” kaleratzeko asmoa agertu du Aizpuruak.

 

Euskal Game Jam-ean jo eta su

Aizpuruak Euskal Game Jam topaketetan egindako lana laburbildu beharra dago, noski. Game Erauntsia Elkartearekin batera arduratu da euskal bideojokogileei zuzendutako ekimena antolatzeaz; ez hori bakarrik, jokoen sorkuntzan ere parte hartu izan du EGJetan, Nazka zein Fart Starter ikaragarriak garatuta.

Barraka bukatzen ibiltzeaz gain, beste proiektu handi bat ere badauka irundarrak esku artean. 2015eko Ludum Dare 33 Game Jamean sortutako Guillotine metroidvania berezia joko osoan bilakatzeko lanean ari da Zomorro Studioko arduraduna. Euskal mitologia ardatz duen akzio eta abentura joko bitxia dugu.