Urtebete iraun duen garapen prozesuaren ostean, PC-an zein Android gailu mugikorretan estreinatu da euskarazko jokoa.

Euskal bideojoko berria jaio da Durangon. Zomorro Studio taldeko Ibai Aizpurua irundarrak iaz Durangoko Azokako IV. Sormen Beka lortu zuen Barraka kaleratu berri du: Game Erauntsiak azokan antolatutako Gamer Gela berezian ezagutzera eman du bere lana.

Ainhoaren rola biziko dugu abentura koloretsuan. Festarik festa eta herritik herrira doa neska gaztea bere amari txurroen postuarekin laguntzera. Barrakazalea denez, postu ezezaguna ikusterakoan ezingo dio eutsi probatzeko gogoari… zoritxarrez, bere jakin minak sorgin gaizto bat askatzera eramango dio, ezagutzen duen mundua eraldatuz!

Iritsiko den mundu berri hori esploratu beharko dugu Ainhoarekin. Barrakaz betetako gune misteriotsua eta bitxia izango da: postu batetik bestera joango gara puzzleak gainditzen, zoko guztiak esploratzen eta pailazoak, satorrak, kaktus landareak nahiz bestelako arerioak garaitzen. Zirkua, autotxokeak, garabi jokoak eta askoz gehiago zeharkatu beharko dira abenturan.

Kasu guztietan gure burua erabili beharko dugu; aurrera egiteko oztopoak gaintzeko adimena ezinbestekoa izango da. Ez hori bakarrik: Ainhoak lortuko dituen jostailu anitzei esker abenturan aurrera egiteko bide berriak aurkituko ditugu. Horrela, publiko guztiei zuzendutako puzzle eta abentura jokoa prestatu du Aizpuruak.

Mekanikak aipatuta, baina, atal estetikoa ere azpimarratu beharra dago. Oro har, begietatik sartzen den obra da Barraka: plastilinaz osatutako pertsonaiak eta tokiak eratu ditu irundarrak, bideojokoari kutsu berezia zein alaia emanda.

 

Puzzleak euskara hutsean

Garatzaile euskaldun batek DAren aterpean sortutako lana izanik, ez dago esan beharrik euskaraz gozatu ahalko den bideojokoaren aurrean gaudela: testu guztiak gure hizkuntzan ditu Barrakak. Hori horrela, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitzen den azken titulua da Aizpuruarena.

Orain aste batzuk bere beste lanetako baten prototipoaren euskarazko bertsioa jaso genuen: Guillotine metroidvania abenturarena, hain zuzen ere.

Arestian aipatu modura, Durangoko Azokak, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak antolatutako Sormen Bekari esker garatu du Barraka Aizpuruak. Azken urtean bakarka ekin dio prestatzeari, estilo, estetika eta mekanika desberdinak probatuz.

2022 osoko lanaren emaitza probatzeko, ordenagailua edo Android gailu mugikorra baino ez dugu beharko. Izan ere, Barraka Zomorro Studioren Itch.io webgunean nahiz Play Store saltokiko orrialdean jaitsi dezakegu Barraka.