Stop motion bidez sortutako “euskarazko abentura umoretsua” izango da. Durangoko Azokako IV. Sormen Bekari esker prestatuko du proiektua.
Zomorro Studio garatzaileen taldeko Ibai Aizpuruak bere hurrengo bideo-jokoa aurkeztu du Durangoko Azokan: Barraka deitutako esplorazio eta abentura jokoa prestatzen dabil irundarra.
Proiektua Durangoko Azokako IV. Sormen Bekari esker burutuko du Aizpuruak: Azokak, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak antolatutako beka irabazi du Barrakak. 15.000 euroko dirulaguntzarekin, urtebeteko epea edukiko du garatzaileak bideo-jokoa sortu eta argitaratzeko: 2022ko Durangoko Azokan aurkeztuko du behin betiko bertsioa.
Ainhoa izeneko neska gaztea izango da Barrakako protagonista. Amarekin batera festarik festa eta herritik herrira doa Ainhoa; izan ere, amak txurroen postua dauka. Barraka desberdinetara igotzea gustatzen zaio protagonistari: postu ezezagun eta berria ikusterakoan ezingo dio eutsi hau probatzeko gogoari. Bertara igo ondoren, baina, ezagutzen duen mundua eraldatu dela ohartuko da Ainhoa: azken barraka hori sorginduta zegoen.

Hori horrela, mundu bitxi zein zoragarria esploratzeari ekingo dio. “Barraka jokalari batentzako esplorazio eta abenturako bideojoko umoretsua da”, dio garatzaileak. Bertan adiskideak zein etsaiak ezagutuko ditu Ainhoak; azken hauek litxarrerien itxura edukiko dute. Euskal Herriko festen girotzearekin, stop motion teknika erabilita sortutako bideo-jokoa izango da barraka: protagonista, esate baterako, bi dimentsioetako animazioarekin eratuta egongo den bitartean, beste hainbat elementu argazkien bidez gehituko ditu bideo-jokora Aizpuruak.
Adin guztientzako abentura izango da Barraka. Joko lasaia eratzea bilatzen du garatzaileak, “jokatzeko erraza”. Haur batek gainditzeko modukoa izan arren, % 100-ean osatzeko bitxikeriak eta erronkak gehitu nahi ditu, besteak beste.
Plataformei dagokienez, gailu mugikorretan eta PC-an argitaratzea aurreikusten du Aizpuruak, baina oraindik zehazteko asko dagoela azpimarratzen du. Esan bezala, bideo-jokoa 2022ko Durangoko Azokan jokatu ahalko da, eta ondoren saltoki handietan kaleratzeari ekingo dio irundarrak.
Zomorro Studiok sortutako bideo-jokoak doan jokatu daitezke garatzailearen Itch.io saltokiko webgunean.
Erlazionatutako edukiak:
Ibai Aizpurua: “Politena, azken batean, mekanikak nahiz girotzea elkarrekin joatea, eskutik joatea da”
Iruzkinak