PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta PCan kaleratuko da Jabi Gartzia sortzailearen Basureroes: Invasion. Mega Man bezalako klasikoak ditu inspirazio iturritzat.
Basureroes: Invasion guztiz euskaratuta estreinatuko du bihar Javs Game Studios garatzaileak. 2D retro abenturan mundua salbatzeko prest dagoen basureroi taldea kontrolatuko dugu.
Jabi Gartzia garatzaileak aditzera eman digunez, bere adiskide Unai G.A. izan da jokoa euskaraz kaleratzea posible egin duen zalea. Ofizialki aurkituko dugu gure hizkuntzan, beraz, argitaratzen den plataforma guztietan: PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC gailuetan merkaturatuko da Basureroes.
Mega Man edo Metal Slug estiloko run and gun eta plataforma jokoaren aurrean gaude. Diogenes doktore maltzurrak ekarritako estralurtar inbasioari aurre egin beharko diogu gure heroi taldearekin. Bakarka zein lagunekin gaindi dezakegu abentura: lau adiskide elkarrekin ari daitezke joko osoan tokiko multijokalariarekin.
Bakarka jokatu arren, edozein unetan protagonistaz alda dezakegu; izan ere, bakoitzak bere abileziak eta mugimenduak edukiko ditu. Kapa erabilita planeatzea, hormak eraisteko bonbak jaurtitzea, makila plataforma bezala erabiltzea… erronka txikiei aurre egiteko tresna egokia bilatu beharko dugu.
Egileak agintzen dituen 20 bat mailetan denetariko oztopoak aurkituko dituzte gure heroiek. Dozenaka arerio gainditzeaz gain, plataforma desafioak ere ikusiko ditugu, bestelako minijokoekin eta erronkekin batera: hegazkin gaineko borrokak nahiz gurdi gaineko plataforma atalak ikus daitezke bideoetan. Nola ez, misio bakoitza bukatu aurretik buruzagi zitalaren aurkako duelua biziko dugu.
Are gehiago, jokatzeko sei modalitate desberdin prestatu ditu Jabi Gartzia sortzaileak. Kanpaina arruntarekin batera erlojupekoak, buruzagien kontrako dueluak, biziraupena edo jokalarien arteko borroka aipatzen ditu arduradunak.
Adin guztientzat egokia den titulua eratzea bilatu du Javs Game Studiosen buruak; halere, jokoaren bukaerara iritsi ahala zailtasun maila areagotuz joango dela azpimarratzen du, “dena ez baita ibilalditxoa izan behar”.
Bihar estreinatuko da Basureroes: Invasion PlayStation, Xbox nahiz Switch kontsoletan eta PCan. Aurretik, baina, demo txikia probatzeko aukera daukagu Steam plataforman.
Iruzkinak