Garatzaile oñatiarrak hamar joko mota batzen dituen puzzle jokoa sortu du. Euskaraz jokatu ahalko da Xbox Onean, Switchean eta Steamen.
Erik Zubiria oñatiarrak garatutako lehen bideojokoa Playstation 4, Xbox One, Nintendo Switch eta Steamera iritsi da. Batu ta Batu koloretsuak jokalari aditu zein hasiberrientzako aproposak diren puzzle eta froga desberdinak biltzen ditu.
Batu ta Batun jokalarien helburua koloredun piezak kolore berbera duten piezekin elkartzea izango da; erabaki txarrek porrota ekarriko dute. Bideojokoak askotariko erronkaz betetako hamar joko mota eskaintzen ditu; horiekin Zubiriak ehundaka maila desberdin prestatu ditu.
"Jokatzeko erraza" den obra dela nabarmentzen du EZSDko garatzaileak. Halere gutxi batzuk lortuko dute Batu ta Baturen benetako maisu izatea: joko mota lasaiak zein arreta guztia eskatuko duten partida amaiezinak sortu ditu oñatiarrak.
Jokalari anitzentzako puzzleak ere ikusiko ditugu. Lau jokalarik batera jokatu ahalko dute Batu ta Baturen partidetan; betiere lekuko partidak izan beharko dira, jokoak ez baitu sare bidezko funtzionaltasunik eskaintzen.
Garapen prozesu osoa kudeatuz
Oñatiarrak Batu ta Batu 2Awesome Studio indie banatzailearekin elkarlanean argitaratu du. Bakarka garatutako lana izanik jokoaren programazioaz zein diseinuaz arduratu da garatzaile euskalduna. Ez hori bakarrik, jokoarentzako espresuki sortutako musika ere konposatu du: soinu banda osoa bandcamp bidez entzun daiteke. Garapen prozesu osoaz arduratu den arren, sortu duen lehen bideojokoa dela azpimarratu du.
Jokoa euskaraz eskaintzeaz arduratu da Zubiria. Playstation 4ko bertsioa itzulpenik gabe geratu den arren, puzzle jokora euskaraz jokatu daiteke PC, Xbox One eta Switch plataformetan.
Batu ta Batu gaur argitaratu da Xbox Onean. Playstation 4ko jokalariek bihar eskuratu ahalko dute; PC eta Nintendo Switcherako bertsioa etzi kaleratuko da. 4,99 euroren truke eskuratu ahalko da plataforma guztietan.
Iruzkinak