Berbaxerka ezaguna gaurkotu dute, Euskaltzaindiaren Hiztegia erabilita. Beste bideojoko batzuk ere plazaratuko dituzte.

Berriak egunkariak eta Euskaltzaindiak bideojokoak sortzeko akordioa iragarri dute. Zehazki, hitzarmenarekin Euskaltzaindiaren hizkuntza baliabideak erabiliko ditu Berriak tituluak garatzerakoan.

Lehen adibidea, nola ez, Berbaxerkarena da. 2022ko apiriletik egunkariaren webgunean txertatutako joko ezaguna eguneratu dute dagoeneko: Euskaltzaindiaren Hiztegiaz baliatuta, bertan agertutako eta jasotako hitzen forma ofizialak baino ez dira onartuko Berbaxerkaren partidetan.

Euskaltzaindiak egokitzat jotako hitzek baino ez zuten balio, orain arte; hitzarmenarekin, terminoak gaurkotu dituzte: “Berbaxerkan, akademiak ontzat jotako formak soilik erabili ahal izango dira hemendik aurrera”, diote Berriatik. Gauza bera gertatuko da etorkizunera begirako aldaketekin; izan ere, “Euskaltzaindiak sei hilabetean behin eguneratzen du hiztegia”, aldaketak gaineratuta. Horiek automatikoki islatuk dira bideojokoan.

Are interesgarriagoa da, baina, bideojoko berriak garatzeko aukeraren aipamena. Berriatik diotenez, “lankidetzak aukera emango du joko digital berriak garatzeko”; itxura batean, ez dugu askorik itxaron beharko berritasunak ikusteko, “datozen hilabeteetan halako online joko gehiago aurkezteko asmoa” baitauka Berriak.

Egunkarikoen helburuak argiak dira: Bideojokoekin “irakurleei beste zerbitzu bat” eskaini nahi diete, “atxikimendua indartzeko”, baina, zelan ez, “audientzia berrietara heltzeko ere”. Horren adierazlea da, esaterako, Game Erauntsia Elkartearekin batera bideratutako akordioa: hilabetero, bideojokoen munduko bi artikulu argitaratzen dira Berriaren webgunean.