Irailaren 14an kaleratuko du bere immersive sim jokoa Lyongo estudioak. “Langileen osasuna bermatzeko” asmoarekin hartu dute erabakia.
Maiatzaren 21ean Deathloop PlayStation 5era eta PCra iritsi behar zen, baina Arkane Studiosek geroratzeko erabakia hartu duela adierazi du. Ez da hau egiten duten lehen aldia, bideo-jokoa izatez 2020ko azken hilabeteetan argitaratu behar baitzuten. Azkenean, baina, irailaren 14an merkaturatuko dutela adierazi dute sare sozialetan zabaldutako mezu batekin.
Dinga Bakaba eta Sebastien Milton zuzendariak batu dira berria eman eta berandutzearen zergatia azaltzeko. Lyonen kokatutako estudioko langileen “osasuna eta segurtasuna bermatzea” da erabakia hartzearen arrazoietako bat, baina aldi berean Deathloppen “kalitatea bermatu” gura du estudioak. Denbora gehigarria “estudioaren helburua lortzeko” erabiliko dutela ziurtatu dute, “estilo handiko joko dibertigarria eta eroa garatzea”.
Deathloopeko ardatza denbora zikloak izango dira. Jokalarien helburua zortzi pertsona akatzea izango da ziklo bakoitzean: gune batetik bestera bidaiatzerakoan denborak aurrera egingo du, bakoitzaren ezaugarriak aldatuta. Jokoa gainditzeko beraz leku eta pertsonaia bakoitzaren xehetasunak ezagutzea ezinbestekoa izango da. Helburua lortu ezean denborak atzera egin eta partida berriz hasiko da protagonistarentzat.
Hasiera batean PS5era eta PCra helduko da, baina urtebeterako esklusiboa da Deathloop. Epe hori igarota Microsoften plataformetara iritsiko da gutxienez: Arkane Studios zein Bethesda banatzailea erosi zuen Xboxek pasa den martxoan.
Iruzkinak