Eguneroko denbora-pasak jokoarekin hizki salda, urkatua, saskibaloia eta bestelakoak bildu dituzte Android eta iOS gailuetan.
Puzztime! estudio bilbotarrak hamahiru minijoko eta puzzle baino gehiago batzen dituen Eguneroko denbora-pasak (Daily Pastimes) kaleratu du gailu mugikorretan. Bideojokoa guztiz euskaratuta eta doan eskura dezakegu.
Android zein iOS sistema eragileetako Play Store eta App Store saltokietan aurkituko dugun tituluak proba eta erronka ezagunak proposatzen dizkigu, besteak beste. Hizki salda edo bingoa aurkituko ditugu, baita pantailak gainezka egin gabe frutak sailkatzen aritzeko jokoa, zenbakien batuketa nahiz saskibaloia ere.
Bakarka ariko gara aipatutakoetan; oraingoz, behintzat, ez dute multijokalari ezaugarririk —online sailkapenak ditu, hori bai—, baina proba gehiago gaineratzeko asmoa agertu dute bilbotarrek. Ideiak bidaltzeko aukera daukagu jokotik: dominoa edo partxisa proposa ditzakegu, adibidez.
Etxeko txikienei zuzendutako jokoa da Puzztimena: diseinu zein joko koloretsuekin, gainditu beharreko desafioak sinpleak eta dibertigarriak dira. Partidak jokatu eta mailaz igo ahala, gure profila apaintzeko pertsonaiak zein egoerak desblokeatuko ditugu. Lorpenek mailaz igotzeko are izar gehiago eskainiko dizkigute: hamar saskiratze egin, urkatuaren 20. mailara iritsi, hainbat partida jokatu…
Hala ere, profilerako edukiok mikroerosketen bidez ere eskura daitezkeela aipatu beharra dago. Ez hori bakarrik: jokoa doakoa bada ere, iragarkiak agertuko zaizkigu partidak hasterakoan nahiz bukatzerakoan, edo bizitza berriak lortzeko. Iragarkiak kentzeko ordainpeko aukera agertuko zaigu jokoan. Esandakoa, dena den: apaingarriak jokatuz desblokea ditzakegu.
Gailu mugikorretarako joko txukuna kaleratu du, beraz, Bilboko estudio berriak, eta euskaraz goza dezakegu gure seme-alabekin. Etorkizunean eduki gehiago ikusiko dugu Eguneroko denbora-pasetan.
Iruzkinak