Kontsola hibridoaren erabiltzaileek orain lau urte argitaratu zenetik eskatzen dabiltzan funtzioa gehitu du azkenean 13.0.0 adabakiak.

Agur, USB egokigailu bereziak. Nintendoren Switch kontsolak azkenean jaso du Bluetooth bidez funtzionatzen duten audio gailuak konektatzeko euskarria. Software bidez egin du gainera (erabiltzaile askoren haserrerako): dagoeneko jaitsi daitekeen 13.0.0 eguneraketak ahalbidetzen du ezaugarri hori.

Hori horrela aurikularrak, entzungailuak zein bozgorailuak kontsolarekin batera erabili ahal dituzte erabiltzaileek. Orain arte hori egiteko egokigailuak erabili behar ziren ezinbestean, eta horren ondorioz jarraitzaileek aspalditik eskatzen zuten funtzioa izan da. Halere, Nintendok prestatutako adabakiak hainbat muga dituela zehaztu dute beraien web atarian.

Bluetooth bidezko soinu gailuren bat konektatuta izaterakoan soilik haririk gabeko bi aginte konektatu daitezke: hau da, hiru edo lau jokalarirentzako tokiko multijokalarian aritu nahi izanez gero ezingo da funtzio hau erabili. Bluetooth gailua deskonektatu arte ezinezkoa izango da aginte gehiago konektatzea. Gainera, tokiko komunikazioa ematerakoan Bluetooth audioa automatikoki itzaliko da, haririk gabeko tokiko multijokalari partida bat hasterakoan adibidez.

Hamar gailu desberdin gordeko ditu kontsolak modu bizkor batean horietara konektatzeko, baina aldi berean Bluetooth aparatu bakarra erabili daiteke Switcharekin. Guzti honek entzungailuekin soilik balio du, Bluetooth mikrofonoak ezin baitira konektatu oraindik.

Txioaren irudian ikusi daitekeen bezala, Bluetooth aukera guzti hauek Switcheko sistemaren doikuntzetan aurkitu daitezke, Bluetooth Audio atalean.

Aipatutakoak ez dira 13.0.0 eguneraketan gehitutako ezaugarri bakarrak. Internet sareetara konektatzerakoan hauek 2.4 edo 5GHz-etako maiztasun bandak diren ikusteko aukera dago orain. Horrekin batera stick-ak kalibratzeko funtzioa eraberritu dute.

Nintendo Switcharen softwarea hobetzen jarraitzen duten bitartean hardware aldetik ere berritasunak egongo dira laster. Datorren urriaren 8an merkaturatuko dute Switcharen OLED bertsioa hainbat hobekuntza eta aldaketekin. Horrez gain jatorrizko modeloaren prezioa behin betiko merketu dute, 299 eurotara salduta.