Xbox-etik ongietorria egin dieten arren, bereganatzea oraindik baieztatzeke dago: aurretik, besteak beste, AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak onartu behar du.
Bobby Kotick Activision Blizzardeko zuzendariak bere postua utziko luke Microsoftek enpresa bereganatzen duenean, Bloomberg eta The Washington Post agerkariek adierazi dutenez.
Atzo iragarri zuten Xboxeko arduradunek Activision Blizzarden erosketa: 68,7 mila milioi dolarren truke bereganatu dituzte Call of Duty, Warcraft, Crash Bandicoot eta beste hainbat frankizien jabeak. Microsoften eta Xboxen aldetik ez dira mintzatu Koticken enpresaren zuzendaritzaren inguruan; erositako estudio desberdinen arduradun nagusia Phil Spencer Xboxeko burua izango dela da adierazitako bakarra.
Momentuz, baina, Kotickek bere karguan jarraituko du; izan ere, bereganatzea oraindik baieztatzeke dago, eta erosketa prozesua luzerako doa. AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak zein beste hainbat estatuetako nahiz herrialdeetako erakundeek onartu behar dute prozesu guztia. Dirudienez, gutxienez sei hilabete inguru eraman ditzake guzti honek. Prozesua bukatu arte Kotick izango da Activision Blizzarden zuzendaria, Microsoftek baieztatu duenez.
“Microsofti enpresagatik asko arduratzen naizela azaldu diot, eta negozioaren transizioa modu aproposean gerta dadin ziurtatzeko esleitzen didaten edozein rol ondo irudituko zait”, adierazi du New York Post agerkarian Kotickek.
Zuzendaria kanporatu arren, Kotick irabazten aterako dela dirudi. Industriako hainbat kidek nabarmendu dutenez, blindatutako kontratua dauka Activision Blizzardeko egungo buruak: enpresako buruen aldaketa batengatik kaleratzen badute 290 milioi dolarretako kalte ordainketa jasoko luke Kotickek. Ez hori bakarrik: 580 milioi dolar inguruko balioa izango luketen lau milioi akzio ditu gaur egun.
Asko dira Kotick kaleratzea nahi dutenak. Azken hilabeteetan arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak egotzi dizkiote enpresari; dirudienez, zuzendaria jakinaren gainean zegoen: hainbat urtez ezkutatu zituen langileen artean jazotako istiluak.
Enpresako langileak ABetterABK erakundean batu ziren oihartzuna izateko. Bertatik aipatu dutenez, Kotick kanporatzea ezinbestekoa deritzote langileen eta zuzendaritza batzordearen arteko liskarrak zuzentzeko. Activision Blizzardeko egoera hobetzeko eta langileen eskubideen alde egiteko lanean jarraitzeko asmoa dute.
Bitartean, Activision Blizzard gora doa burtsan: atzo % 30eko hazkundea eduki zuen enpresak.
PlayStation, behera
Bereganatzearen berriak beste enpresa handi batzuengan eragina izan duela nabarmendu beharra dago. Sony-ren akzioak % 13an jaitsi dira Tokioko burtsan, 20.000 milioi dolarreko galerak eraginez; antzekoa gertatu da New Yorkekoan: % 7 batean erori dira.
2008tik ez zuten horren balio baxua Sonykoen akzioek. Honen arrazoi nagusia esklusibotasunen ingurukoa da: aurreikustekoa da Microsoftek bereganatutako bideo-joko frankizia handiak Xboxen esku geratzea, Bethesda-koekin gertatu bezala.
Sonyren etekinen % 30 bideo-jokoen salmentaren eta online zerbitzuen aldetik dator; hortaz, Call of Duty moduko saga erraldoiak galtzeak sekulako eragina izango zuen etekinen zenbatekoan.
Momentuz, Phil Spencerrek komunitateak apurtzea saihestu nahi duela aipatu du Bloombergen. “Sonyren plataformetan Activision Blizzarden jokoetara dabiltzanei: ez da gure asmoa komunitateak plataforma horietatik ateratzea”.
Iruzkinak