Kickstarter kanpaina ixteko lau egun falta dira; bi jokalarirentzako versus joko mota finkatu dute helmuga berrietan.
Relevo Videogames Bilboko estudioak bere hurrengo proiektua garatu ahal izateko beharrezko finantzazioa eskuratu berri duela iragarri du: Bullfighter NEON sortu ahal izateko abiarazitako Kickstarter kanpainarako 28.000 euro baino gehiago bildu ditu Jon Kortazarren taldeak.
Pozez txoratzen agertu dira garatzaileak kanpainaren webgunean. Kanpainan dirua jarri dutenei eskerrak emateko aprobetxatu dute: “milioi bat esker Bullfighter NEON egia bilakatzeko lagundu diguzuen guztioi! Benetan pozik gaude gure bidaiko parte zaretelako”.
Zezenketak, zezenik gabe. Hori da bideojoko retrofuturistak proposatzen duena. Izan ere, benetako animaliak alboratu eta zezen zibernetikoen aurkako borroka latzak biziko ditugu bertan. Kirol generoko arkade titulu klasikoak omendu nahian eratzen dabiltza Bullfighter NEON: Soccer Brawl, Super Baseball 2020 zein Windjammers dira, besteak beste, erreferentziatzat hartu dituztenak.
Hori horrela, partida biziak eta ikusgarriak sortu nahi dituzte, guztia bi dimentsioko atal grafiko nostalgikoarekin. Ez badirudi ere, beat ‘em up jokoetako kutsua izango dute bertako partidek: mugimendu bereziak, oztopoz betetako kokalekuak eta gehiago ikusiko ditugu.
Finantzaketa helburua lortuta, kanpaina bukatzeko geratzen diren lau egunetan are diru gehiago batu nahi dute ezaugarri gehiago prestatu ahal izateko. Hurrengo helmuga, hain zuzen ere, bi jokalarirentzako versus joko mota prestatu ahal izateko aurrekontua lortzea da: 30.000 euro eskatzen dituzte horretarako. Dagoeneko partida kooperatiboak egongo diren arren, lagunen aurka aritzeko aukera ere gehitu nahi dute bilbotarrek.
Diru kopuru horretara errazago iristeko aukera berria gaineratu dute Kickstarterrean: 15 euroren truke bi ale eskuratzeko bidea eskaini dute. Modu horretara, dagoeneko obra finantzatu dutenek bigarren jokoa eskuratzeko aukera dute pixkat gehiago ordainduta.
Bullfighter NEON PC-rako baieztatu dute Relevokoek. Finantzazioa areagotuta kontsoletarako bertsioak egiteko aukera aipatzen dute, baina ikusteko dago beharrezko diru laguntza gabe zer egin dezaketen.
Bideojokoa urte honetako abenduan argitaratzea aurreikusten dute, baina argitalpen datari buruzko xehetasun gehiago behin kanpaina bukatuta emango dituzte: martxoaren 31n itxiko da Kickstarterra.
Iruzkinak