Zezenketa futuristak aurkezten ditu Jon Kortazarrek gidatutako talde beteranoaren jokoak. PC-an zein kontsoletan kaleratu nahi dute.
Irailean aurkeztu zuen Bilboko Relevo Videogames estudioak bere hurrengo proiektua: zezenak arkade jokoekin batuko dituen Bullfighter NEON. Iragartzerakoan mikromezenasgo kanpaina bidez finantzatzea bilatuko zutela adierazi zuten; esan eta egin, gaur bertan hasi baitute Kickstarter bidez eta.
28.000 euroko helmuga jarri dute bideojokoa argitaratu ahal izateko. Albistea idazterako unean dagoeneko 3.361 euro batu dituzte; 29 egun gehiago izango dituzte gutxieneko helburu horretara iristeko.
90eko hamarkadan kaleratutako etorkizuneko ziber kirol arkadeak omendu nahi dituzte bilbotarrek Bullfighterrekin: Soccer Brawl, Super Baseball 2020, Windjammers eta Heavy Smash nostalgikoak dira, besteak beste, aipatutako inspirazio iturriak.
Horiek ardatz hartuta, akzioz betetako arkade abentura eratzeko bidean daude. Ezaugarri propioak dituzten sei pertsonairen artean hautatuta ziberpiztiak garaitzeari ekin beharko diogu. Jokalari bakarrarentzako kanpainan protagonista bakoitzaren istorioa biziko dugu: hamar pizti akatu beharko dira lau borrokaleku desberdinetan.
Beat ‘em up erako norgehiagokak izango dira garatzaileen arabera: mugimendu bereziak erabili ahalko ditugu gainera. Nola ez, arkade klasiko guztietan ikus bezala fase bereziak ere egongo dira: kasu honetan, Iruñeko Sanferminetako entzierroak hartu dituzte oinarritzat.
Bakarka zein adiskide baten laguntzarekin egin ahalko dela nabarmentzen dute arduradunek. Partidak konfiguratzeko aukera anitzak eskainiko dituzte gainera: erronka gogorrak edo partida lasaiak bizi daitezke Bullfighterren. Gryzor87 musikagile famatuaren soinu banda bilduko du jokoak: retro arkade musika agintzen dute bilbotarrek.
Esan bezala, 28.000 euro bilatzen dituzte jokoa garatu ahal izateko. Hala ere, helmuga hori gaindituta hainbat ezaugarri berezi desblokatzen joango dira finantzaketa kanpainan: Joko berria + mota, bi jokalariren arteko lehiak, ziberpizti zein pertsonai berriak eta gehiago ikus daitezke Kickstarterren.
Horiez gain, kontsoletako bertsioak garatzeko aukera ere aipatzen da: jokoa garatu ahal izanez gero Steam bidez estreinatuko da, baina beharrezko diru kopurua bilduta PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletarako bertsioak egin ahalko dituztela diote bilbotarrek.
Bideojokoa eskuratzeko gutxienez 15 euro —20, geroxeago— ordaindu beharko dituzte mesenazek. Gehiago ordainduta edizio bereziak, betarako sarbidea eta bestelako onurak eskura ditzakete.
Informazio guztia Bullfighter NEON-en Kickstarter orrialdean aurki daiteke. Martxo bukaeran itxiko dute finantzaketa kanpaina.
Iruzkinak