Iaz akordioari uko egin zioten japoniarrek. Amerikako Estatu Batuetako FTC erakundeak ez du lortu Activision Blizzard-en bereganatzea galaraztea Xbox-en aldetik.

Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak baieztatu duenez, PlayStationekin Call of Duty frankizia partekatzeko akordioa adostu du Microsoft erraldoiak.

Sinatutako hitzarmenak hamar urteko iraupena dauka; hori horrela, otsailean Nintendo-rekin adostutako akordioan agertutako antzeko baldintzak beteko dituztela ulertzen da. Hau da, Call of Duty berriak lehen egunetik PlayStationen kontsoletan argitaratzea Xboxeko bertsioen pareko funtzionaltasunekin eta ezaugarriekin.

“PlayStationek eta Microsoftek Activision Blizzarden bereganatzearen ostean Call of Duty PlayStationen mantentzeko akordio loteslea sinatu dutela iragarri nahi dugu”, adierazi du Spencerrek sare sozialetan. “Etorkizunean bideojokalariek beren jokorik gustukoenak jokatzerakoan askatasun handiagoa edukitzea espero dugu”.

Enpresa japoniarrari antzeko hitzarmena proposatu zioten Redmond-ekoek joan den urte bukaeran, bost urteko epemugarekin. Ordu hartan uko egin zioten; proposamenaren baldintzak aldatu izana orain onartzearen zergatietako bat da, baina baita Federal Trade Comission-ek abiatutako salaketaren ebazpena ere.

Izan ere, AEBetako erakundeak Microsoften eta Activision Blizzarden bat egitea deuseztatzeko prozesua hasi zuen. Justizia estatubatuarrak Xboxekoen alde egin du, ordea: FTCtik apelazioa aurkeztu duten arren, Rdemondekoek erosketarekin aurrera egin ahalko dutela dirudi.

Sonykoen mugimenduaren arrazoiketa argia da, beraz: Activision Blizzardek eskantzeko duen guztia galdu ordez datozen urteetan Call of Duty mantentzeko egin beharrekoak itxi dituzte.

Erresuma Batuko CMA erakundearen erabakia ezagutzera geratzen da orain. Apirilean erosketa galarazi zuen arren, nazioarteko gainerako pareko erakunde gehienek oniritzia eman dutela ikusita, ez da litzateke harritzekoa izango EBkoek apelazioak onartzea.

 

Xbox Game Pass Core, Live Gold harpidetza ordezkatzera

Iragarpen ofizialak alboratuta, zumurruetan murgiltzeko unea dator. Hainbat insider-ek jakitera eman dutenez, Xbox Live Gold harpidetza zerbitzu beteranoa eraberritzeko asmoa dute Microsoftekoek: Game Passeko maila berrian bihurtuko lukete, Core izenarekin.

Filtrazioen arabera zerbitzu berria irailaren 1ean abiatuko da. Kontsoletako online multijokalari zerbitzuak, etorkizunean handituko den 25 bideojokoko katalogoa —Doom Eternal, Ori and the Will of the Wisps edo Dishonored 2 jokoekin— eta harpidedunentzako eskaintza bereziak bilduko lituzke.

Horrela, kontsolako, PC-ko zein biak batzen dituen Ultimate harpidetzen oinarrizko zerbitzua izango litzateke Xbox Game Pass Core.

Oraindik iragarri gabe dagoen arren, Microsoftekoek gaur bertan edo datozen egunotan ezagutzera ematea espero da.