Saga ezagunekin batera, bideojoko ezezaguna aurkeztu dute poloniarrek: Hadar proiektua.
CD Projekt Redekoek epe luzerako plangintzari buruzko txosten zabala prestatu du. Bertan, etorkizunari begira enpresa poloniarragatik espero dezakeguna zehaztu dute. Hainbat proiektu berri dituzte esku artean: iragarritako tituluen artean, The Witcher eta Cyberpunk frankizien jarraipenak nabarmentzekoak dira.
Erribiako Geralt aztiaren unibertsoko atal berria prestatzen ari direla dakigu martxotik. Hala ere, The Witcher 4 bezala ezagutu genuena Project Polaris izenarekin aurkeztu dute oraingoan. Poloniarrek agindu bezala, saga berri bati hasiera emango dion obra izango da; are gehiago, lehenengo jokoa kaleratu eta sei urteko epean burutuko duten trilogia izango dela diote. Ez dakigu askoz gehiago honi buruz: mundu irekiko RPG abentura izango da eta Unreal Engine 5 motor grafikoarekin sortzen dabiltza, Epic Games-ekoekin elkarlanean.
Trilogia honekin batera Project Sirius aditzera eman dute. CD Projekt barneko The Molasses Flood estudioak garatutako lana izango da. Diotenez, gainerako jokoengandik aldenduko da “multijokalari ezaugarriekin”; Witcher frankiziaren zaleentzat zein jokalari berrientzat zuzendutako istorioa kontatu nahi dute bertan.
Aztiekin eta munstroekin bukatzeko, Project Canis Majoris oraindik iragarri gabeko kanpoko estudio baten proiektua da; hori bai, sagako beteranoez osatuta egongo dela diote. Besteengandik guztiz aldenduko den “The Witcher sagako joko osoa” izango da.
Ziur zale asko The Witcher III: Wild Hunt ikaragarriaren belaunaldi berriko bertsioaren zain dabiltzala. Horri buruz ere mintzatu dira: aurten merkaturatuko dutela berretsi dute, beraz suposatzekoa da laster berri gehiago jasoko ditugula.
Cyberpunk 2077ri buruzko berriak orain gutxi jaso genituen arren, are gehiago dagoela ezagutarazi dute CD Projektekoek. Jatorrizko jokoarentzat prestatzen ari diren The Phantom Liberty espantsioaz gain, jarraipenean lan egiten dabiltza.
Project Orion izendatu dute Cyberpunk 2 izango dena, eta, poloniarren arabera, “Cyberpunk frankizia are urrunago eraman eta etorkizun iluneko unibertso honen indarra aprobetxatzen jarraitzea” da helburua. CD Projekt Red bera izango da garatzailea.
Salmenta datuak emateko tartea ere eduki dute txostenean. Cyberpunk 2077k 20 milioi ale baino gehiago saldu dituela baieztatu dute garatzaileek. The Witcher sagak, berriz, hiru bideojoko nagusiekin 65 milioi ale pasata saldu ditu guztira.
Jokoekin amaitzeko, bi saga ezagunengandik urruntzeko azken proiektua aurkeztu dute: Project Hadar. IP guztiz berria dela diote arduradunek; kasu honetan ere, CD Projekten esku joango da garapena. Ez dute ezer gehiago zehaztu: girotzea, generoa zein plataformak ezezagunak dira.
Hainbat estudio aipatu ditugu albistean, baina CD Projektek ez du atsedenik hartuko alor honetan; izan ere, Ipar Amerikara iritsiko dira Bostonen eta Vancouverren irekiko duten CD Projekt Red North America taldearekin. Horrez gain, telesailak, filmak, liburuak eta bestelako edukiak kaleratzen jarraitzeko asmoa agertu dute; ez da harritzekoa, The Witcherren eta Cyberpunk Edgerunners-en arrakasta ikusita.
Iruzkinak