Narratiba ardatz duten nobela bisualak dira: ordenagailu bidez jokatu ahalko dira euskaraz.

Basajaun Games estudio bilbotarrak bi bideojoko euskarara lokalizatuko dituela jakitera eman du. Alde batetik, Ciao Nonna euskaratzeaz arduratuko da; bestetik A pet shop after dark itzuliko du. Bi kasuotan garatzaileekin abiatutako elkarlanari esker gure mintzairan ofizialki jokatu ahalko dira.

Ciao Nonna ekaina bukatu aurretik eta “dena ondo badoa” euskaraz egongo dela adierazi du Gabriel Fiallegas Basajaun Gameseko arduradunak.

Crescendo garatzaileak 2020an argitaratutako esplorazio abentura da: I Can’t Draw But Want To Make A Game (Again) izeneko Game Jam ekimenean sortu zuen, gidoirik onenaren saria jasota.

Game Boy originaleko JRPG abenturen estetika klasikoa zein soinu banda dituen arren, Ofelia protagonistak ez du dueluetan parte hartuko. Horren ordez Tor Marina herria eta bere inguruak zeharkatzen, argazkilaritzan eta bizilagunekin hizketan ariko da.

Itch.io saltokian deskarga daiteke Ciao Nonna: guztiz doako lana da Crescendorena.

A pet shop after dark euskaraz ikusteko, berriz, pixkat gehiago itxaron beharko dugu; izan ere, Basajaunekoak orain gutxi ekin diote npckc garatzaile japoniarrak iaz argitaratutako titulua lokalizatzeari.

Nobela bisualaren generoa —zehazki, point&click-ena— beldurrarekin lotzen duen lana da. Animalien denda txikian lan egiten hasi den neska gidatuko dugu: maskotei jaten eman eta landareak ureztatu beharko ditugu gaua saltokian igarota. Hori bai, ez itzazu argiak itzali, gauza misteriotsuak ezkutatzen baitira iluntasunean.

Steam plataforma bidez eros dezakegu A pet shop after dark.

 

Bideojokoak euskaratzen 2022tik

Basajaun Games iaz eratutako talde independentea da. Nahiz eta bilbotarrek oraindik iragarri gabeko berezko proiektuak dituzten, nagusiki bideojokoen itzulpenean jardun dute oraingoz.

Joan den urtean, esate baterako, Nomnomnami sortzailearen Amaiera Tragikoen Antzokia zein Haren malko, nire argi nobela bisualak lokalizatu zituzten —argi dago euren gustuko generoa dela—. Bi hauek ere ofizialki joka daitezke euskaraz.

Aipatutakoak zein askoz gehiago bildu ditu Game Erauntsiak euskarazko bideojokoen zerrenda osoan.