Crescendo garatzaileak Game Boy klasikoarentzat sortutako titulua da: doan eskuratzeko aukera dago.
Basajaun Games estudio bilbotarrak joan den astean agindu modura, Ciao Nonna bideojokoaz euskaraz gozatzeko aukera dago jadanik. Abentura grafikoa gure hizkuntzan kaleratu dute Crescendo garatzailearen Itch.io webgunearen bidez.
Ofelia gaztearen pausoak jarraituko ditugu Ciao Nonnan. Bere amona zendu da, eta senide maitea agurtzeko bere jaioterrira, Tor Marinara, itzuliko da. Betidanik gorrotatu izan duen tokia da hiria; halere, abenturan aspaldiko lagunekin zein senideekin eta bizilagun berriekin harremanak berpizten ariko gara.
Horrela, JRPG klasiko itxura duen abentura grafikoa da Crescendorena: tokiak bisitatzen, herritarrekin hitz egiten, puzzle txikiak gainditzen eta Ofeliaren oroitzapenak gogora ekarriko dizkiguten argazkiak egiten ariko gara.
Obra oso laburra da, minutu gutxi batzutan gainditzekoa; izan ere, 2020. urteko I Can’t Draw But Want To Make A Game (Again) Game Jam ekimenean eratutako jokoaren aurrean gaude. Istorio/premisa onenaren saria eraman zuen bertan Crescendok.
Estetikak Game Boy originaleko bideojokoak gogorarazten ditu… eta ez da harritzekoa, GBStudio tresna erabilita Nintendoren kontsolarako sortutako lana baita Ciao Nonna.
Hori horrela, euskaraz jokatu nahi badugu GBaren emulatzaileekin batera erabili beharko dugu webgunetik jaitsiko dugun ROM fitxategia —nabigatzaile bidez joka daitekeen bertsioa ingelesez eta italiarrez baino ez dago—. Suposatzekoa den bezala, dohainik eskura dezakegu aipatutako web orrialdean.
Abentura grafikoak eta nobela bisualak euskaratzen
Basajaun Games bideojokoak sortzen dituen estudioa bada ere, Bilboko taldearen lehen proiektuak itzulpenak izan dira.
Gabriel Fiallegasek itzulitako lanekin ohikoa den modura, Ciao Nonnan hitanoaren erabilera nabarmendu beharra dago: Tor Marinako biztanleek adizkera honetan hitz egingo digute, protagonista zukan ari den bitartean
Ciao Nonnaz gain Amaiera Tragikoen Antzokia nahiz Haren malko, nire argi nobela bisualak gure mintzara lokalizatu zituzten iaz; gainera, une honetan A pet after dark abentura grafikoaren itzulpenean lan egiten dabiltza. Euskaratzearen argitalpen data baieztatu gabe dago, beraz zain egon beharko gara.
Aipatutako euskarazko lanak zein gainerako guztiak Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke, hauek bilatzeko iragazki bereziak erabiltzeko aukerarik.
Iruzkinak