Doako erritmo jokoak online multijokalarian aritzeko zerbitzari publikoak, eraldatzaileak zein baterientzako euskarria inplementatu ditu.

Clone Herori buruz hitz egin dugu Game Erauntsian: Guitar Hero edo Rock Band bezalako erritmo jokoen klona dugu. Bere berezitasunen artean, bideojokozaleen komunitateak sortutako proiektua dela esan beharra dago. Bideojokoa 1.0 bertsiora iritsi da azkenik —2019tik bertsio publikorik argitaratu gabe egon ostean—, askotariko berritasunak inplementatuta: horien artean, euskarazko lokalizazioa.

Elkarlanean abiatutako proiektua izanik, itzulpenak gehitzeko aukera ere eskaintzen izan du garatzaileen lan taldeak. Hori dela eta, Game Erauntsiatik sortzaileekin harremanetan jarri, eta bideojokoa euskaratzeari ekin genion.

Zoritxarrez, ezin izan gara 1.0 adabakia argitaratzeko epera iritsi; hori horrela, itzulpenean akatsen bat edo beste aurki daiteke. Ingelesez dauden testuak, hutsik agertzen direnak… Hala eta guztiz ere, arazorik gabe joka daiteke euskaraz. Tamalgarria da lokalizazio txukuna eskaini gabe geratu izana, baina ez genuen nahi egindako lana alferrik gal zedin!

 

Gitarrak, baxuak eta bateriak

Hori esanda, goazen Clone Heroren behin betiko bertsioak eskaintzeko duena ezagutzera. Arestian aipatu modura, komunitateak sortutako Guitar Hero klasikoen klona dugu CH: aspaldiko Frets on Fire ezagutzen baduzu, antzeko kontzeptua proposatzen du. 2012an hasi zuten garapena GuitaRPG izenarekin; denbora gutxira, baina, proiektuaren izena aldatzea erabaki zuten.

Ehundaka abesti gitarra, baxu edo bateria birtualak hartuta jotzea ahalbidetzen du CHk. Horretarako hainbat bide eskaintzen ditu: adibidez, teklatua gitarra edo baxua balitz bezala hartuta, funtzio teklak erabiliko ditugu notak jotzeko.

Nahi izanez gero, Guitar Hero edo Rock Band jokoetako instrumentuak hartu eta PC-ra konektatu ahalko ditugu, horiekin jotzeko. Edo, kasu batzuetan, benetako instrumentuak konektatuta jokatu ahalko dugu, Rocksmith eta antzeko lanetan gertatu modura.

Ikustekoa denez, Clone Heron ez dago mugarik: komunitateak edozein instrumentu edo jokatzeko aginte erabil dezake edozein abesti jotzeko. Abestien kasuan, komunitateak egokitu beharko ditu bideojokorako; esan bezala, ehundaka abesti daude jada. Horiek jaistea eta jokoaren karpetan sartzea jokalarien esku dago.

Hala eta guztiz ere, behin betiko eguneratzeak hamazazpi kantu dakartza: DragonForce,

Bakarka zein lagunekin jokatzea posible da Clone Heron: lau jokalarirentzako tokiko multijokalaria ahalbidetzen du. Ez hori bakarrik: online norgehiagokak ere badaude. 1.0 bertsioarekin, gainera, ezaugarri berria inplementatu dute: orain zerbitzari publikoetan sar gaitezke aurkariak bilatzeko.

Pertsonalizazioa da jokoaren beste ardatzetako bat: jokagarritasun zein itxura aukerak nahi bezala eralda ditzakegu. Hondoak, pistak, koloreak, efektuak, laguntzak… ia edozer aldatzeko aukerak eskaintzen ditu bideojokoak.

Horren harira, eraldatzaileak nabarmentzekoak dira: partida zailagoak egiteko erabil daitezke, edo era guztietako laguntzak zein baldintza bereziak aplikatzeko. Azken eguneraketak, adibidez, mozkor modalitatea gehitzen du: aproposa lagunen aurrean jokatzen dakizula erakusteko, jokoa errazten baitu.

 

…Windows-en, Linux-en, MacOS-en zein Android-en!

Clone Hero zaleen elkarlanarekin garatatutako proiektua izanik, guztiz doakoa da. Jokatzeko webgune ofizialera jo beharko dugu: bertan dituzte 1.0 bertsioa jaisteko estekak. Sistema eragile desberdin mordo baterako port-ak daude, gainera: ordenagailuetan zein gailu mugikorretan joka dezakegu bideojokora.

Izan ere, Windows, MacOS, Linux nahiz Android sistema eragileetarako dago prestatuta. Gailu mugikorren kasuan, ez dugu ukipen pantailentzako aginterik ikusiko: teklatua edo bestelako gailuren bat konektatzea ezinbestekoa izango da jokatzeko.

Euskaratzea ofizialki inplementatuta dagoenez, ez dugu aparteko ezer berezirik egin beharko lokalizazioa txertatzeko: menu nagusian aukeren atalera joan beharko gara, eta hizkuntzetan gurea hautatu.

Posible bada, gure asmoa itzulpena guztiz bukatzea eta hobetzea da; momentuz, garatzaileek zuzenketa txikiak egiteko asmoa agertu dute. Bitartean, ordea, euskaratzearen lehen bertsio hau daukagu!