Itch.io webgunetik jaitsi dezakegu Indiefence taldearen abentura grafikoa: Windows, GNU/Linux eta MacOS bertsioak prestatu ditu.
Clothes Line abentura grafikoa kaleratu du jadanik Indiefence estudioak. Rita izeneko amonaren bizipenak jarraituko ditugu tituluan; ez hori bakarrik, osorik euskaratuta bizi ditzakegu, eta dohainik.
Gure protagonistak bizi lasaia eta zoriontsua darama. Ez zaio jendearekin harremantzea gustatzen, baina horretarako konponbidea aurkitu du: etxean sartuta bizi da, Cross katuarekin batera. Familiakoek janaria igogailutxo txikiaren bitartez bidaltzen diote etxera; behar duen guztia dauka, beraz.
Ritaren bizitza erosoak aldaketa arriskutsua jasango du, baina, aurreko etxebizitzara bizilagun berriak datozenean… izan ere, esekilekua partekatzen du beraiekin. Nola jarraituko du, ba, bere bizimodu baketsuarekin?
Premisa honekin, Ritaren etxebizitzatik aurrera eta atzera ibiliko gara ordu erdi inguruko iraupena duen abenturan. Abentura grafikoen ohiko elementuak bereganatzen ditu Clothes Linek: objektuak biltzen eta erabiltzen ariko gara oztopo zein erronka desberdinei aurre egiteko. Prestatu beraz leku guztietan saguarekin sakatzeko eta objektuak batera erabiltzen (saiatzen) hasteko.
Euskaratzeari dagokionez, Josune Amboagek prestatutako testuak irakurriko ditugu. Saka, erabil edo har dezakegun edozein tresnak nahiz objektu berari lotutako deskribapena edo esaldia dauka; hortaz, itzulpen lan sakona aurkituko dugu Clothes Linen.
AdventureJam 2023 abentura grafikoei zuzendutako Game Jam ekimenean hasi zuen proiektua talde espainiarrak; ostean, titulua txukuntzeko denbora hartu dute, garatu nahi zuten bideojokoa prestatuz.
Indiefence taldearen itch.io webgunetik jaitsi dezakegu jokoa —bide batez, jokoaren webgune ofiziala ere euskaraz daukazue—. Windows, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetarako bertsioak aurkituko ditugu bertan. Aipatu modura, titulua guztiz doakoa da.
Euskaratutako sei joko 2024an… oraingoz
Clothes Linekin, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendak hazten jarraitzen du. Aurten sei bideojoko jaso ditugu gure hizkuntzan: Indiefencen lanaz gain, Sticky Struggles, One Last Breath, Renaissance Kingdom, Ape Out eta Jurassic World Evolution 2 joka ditzakegu euskaraz.
Noski, ez dira bakarrak: 155 dira jadanik euskarara itzulitako edo gure mintzairan argitaratutako bideojokoak. Guztiak euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke.
Iruzkinak