Eneko Oroz zaleak lokalizatu du Bigosaur taldearen proposamen bitxia. PCan zein Android gailuetan aurkituko dugu.

Titulu berria gehitu da euskarazko bideojokoen zerrendara: Clutchtime: Basketball Deckbuilder gure hizkuntzan joka dezakegu orain. Roguelike karta partidak saskibaloiaren munduarekin lotzen dituen proposamena ofizialki aurkitzen da euskaraz.

Eneko 'Ekintaekin' Oroz bideojokozalea arduratu da Clutchtime itzultzeaz. Bigosaur estudioaren azken jokoa da: uztailaren 24an argitaratu zuen ordenagailuetan eta Android sistema eragilea erabiltzen dute gailu mugikorretan.

Slay the Spire bezalakoen abiapuntua hartuta, “saskibaloiko jokaldiak eta taldeen sinergiak” oinarritzat ditu tituluak. Horrela, kirolaren terminologia erabiltzen duten kartak eta abileziak lortuko ditugu norgehiagoketan tantoak eskuratzeko.

Bost jokalarirekin hasiko ditugu partiduak, eta bakoitzak hauen abileziak islatzen dituzten hiru karta edukiko ditu. Bestelako egoerak abiatzeko balioko duten taldeko kartak ere erabiliko ditugu. Nola ez, partiden aurretik gure karta sorta antolatzea benetan lagungarria egingo zaigu.

Joko mota desberdinetan lehiatuko gara: kanporatzeetan roguelike arau “arruntak” biltzen dira, baina modalitate klasikoan partiden denboraldi osoa jokatuko dugu, txapeldun izateko helburuarekin. Denboraldian aurrera egin ahala, egoera eta jazoera desberdinak aktibatuko dira, ekintza desberdinak ahalbidetuz.

Euskarazko itzulpena inplementatzen duen doako gaurkotzearekin batera eguneko erronkak eta beste zenbait hobekuntza gehitu ditu Bigosaurrek. Kasu honetan, euskarazko testuak falta zaizkio joko mota berriari, baina itzulita daudela dio Orozek: hurrengo eguneraketa batean txertatuko ditu garatzaileak. Saskibaloiko terminologia itzultzerakoan Iruñe 'Arkkuso' Astitzen ezinbesteko laguntza nabarmendu du itzultzaileak.

Esan bezala, Orozen euskaratzea ofizialki ikusiko dugu jokoan; hortaz, doikuntzen menuko hizkuntzen atalean gure mintzaira hautatzea baino ez daukagu euskaraz jokatzeko. Clutchtime: Basketball Deckbuilder iritzi baikorrak bildu ditu jokatu dutenen artean, eta prezio murriztuan eros daiteke Steam plataforman zein Play Store saltokian. Ordenagailuan, gainera, demoa dauka erosi aurretik probatzeko.

 

Karta jokoan, gure mintzairan

Euskal bideojokozaleen artean kartek eta roguelike mekanikek arrakasta handia daukatela dirudi. Izan ere, uztailean Balatro arrakastatsua ere euskaratuta dagoela ezagutu genuen: kasu honetan, Asier Aranzasti arduratu zen Localthunk estudioaren poker jokoa itzultzeaz.

Tamalez, lokalizazioa ez da ofiziala: jokoa eraldatzea beharrezkoa da testuak euskaraz ager daitezen. PCko bertsioa da, beraz, gure hizkuntzan jar dezakeguna.

Balatro, Clutchtime: Basketball Deckbuilder eta beste zenbait euskarazko bideojoko Game Erauntsiaren zerrendan aurki daitezke.