Project Condor izenpean, epe luzean funtzionatuko duen online jokoa eratu nahi dute Remedy-ko arduradunek.
Control tiro joko arrakastatsuaren arduradunek frankiziarekin jarraitzeko asmoa agertu dute beraien blogean. Remedy estudioa Controlen jarraipenean lan egiten ari da, eta ez hori bakarrik: multijokalari spin-off bat ere prestatzen ari direla iragarri du.
Jarraipenak, oraindik izen ofizialik gabe, jatorrizko jokoak baino aurrekontu handiagoa edukiko duela adierazi dute testuan, eta 505 Games banatzailearekin sortuko dute elkarlanean. Remedykoek ez dute Controlen atal berriari buruzko xehetasun gehiago eman nahi izan, baina multijokalariari buruz luze mintzatu dira.
Mikael Kasurinen Controlen zuzendariak Project Condor izendatu du proiektu hori, eta kasu honetan ere 505 Gamesekin batera prestatzen ari dira. PC, PlayStation eta Xbox Series plataformetarako garatzen ari diren PvE multijokalaria izango da: hau da, jokalariek adimen artifizialaren aurka egin beharko dute, eta ez baita erabiltzaileen arteko lehiarik egongo.
Remedy jokalari bakarrarentzako jokoetatik aldentzen den lehen aldia izango da, baina Kasurinen gogotsu azaldu da: “nortzuk garen edo kontatu nahi dugunaren DNA aldatu gabe partekatutako esperientziak sortzeko gai garela uste dut. Bai, angelu batzuei, gure teknikei eta gure pentsamoldeari buelta pare bat eman beharko dizkiogu, baina emozioz betetako erronka bezala ikusten dut. Nolakoa izango da Remedyren multijokalari bat?”.
Garapenerako 25 milioi euroko aurrekontua lortu dutela nabarmendu du . Izan ere, epe luzeko funtzionamendua izango duen jokoa eratzeko asmoa agertu dute Rami eta Raffi Galante 505 Gamesen jabe den Digital Bros Group-eko arduradunek: “multijokalari bideo-joko bezala, Condorrek jokalariek komunitateari epe luzean erakartzeko ahalmena dauka, 505 Gameseko produktuek diru-sartzea joko tradizionalek baino epe luzeago batean mantentzea ahalbidetuta”.
Tero Virtala Remedyko arduradun nagusia pozik agertu da akordioarekin. “Oso pozik gaude elkarlan hau luzetu ahal izanagatik. Akordio honek Remedyri bere jokoak ibilbide luzeko frankizietara hedatzeko ametsa betetzea eskaintzen dio”.
Finantzazio areagotze hori ez da harritzekoa, iaz Epic Games Publishing argitaletxearekin beste bi bideo-joko eratzeko akordioa sinatu zuten-eta: Crossfire-n jokalari bakarrarentzako kanpaina eta Alan Wake ezagunaren atal berria izango direla diote zurrumurruek. Horiz Vanguard abentura kooperatiboan ere lan egiten ari dira une honetan. Remedyk 130 langile baino gehiago biltzen ditu.
Iruzkinak