Tomateak zein marrubiak, sagarrak, meloiak edo laranjak kontrolatuko ditugu sukalde amaigabeko mahaia zeharkatzeko.
Ander “Woody Cloud” Fernandez garatzaile bilbotarrak Crossy Tomato: Ultimate Run kaleratu du Android gailu mugikorretan. Play Store bidez jaitsi dezakegu.
Sukalde amaigabeko oztopoak gainditu beharko dituen tomatearen rola jokatuko dugu korrikalari amaigabe (endless runner) erako jokoan. Aurrera zein atzera edo alboetara mugi gaitezke pantailan sakatuta; horrela, espezia ontziak, aizto erraldoiak edo urez betetako harraskak saihestu beharko ditugu, ahalik eta hazi gehien biltzen ditugun bitartean.
Ezingo gara lasai ibili, baina: gure atzetik datorren arrabol nekaezinak azkar mugitzera derrigortuko gaitu.
Era batean, Frogger bezalako arkade joko klasikoen jokagarritasuna bereganatzen du Crossy Tomatok; izan ere, kontrol eskema sinplearekin mekanika ulerterrazak bezain dibertigarriak proposatzen dizkigu.
Haziak jasota, gainera, dendan aurkituko ditugun hainbat itxura eros ditzakegu. Nagusiki, kontrolatzeko barazkiak zein frutak izango dira: tomatea alboratu, eta meloian, laranjan, piperrean edo angurrian bilaka gaitezke, besteak beste.
Bideojokogintza profesionalean lehen pausoak emandako sortzailea da bilbotarra. Fsix Games taldearekin Rivalia: Dungeon Raiders kaleratu zuen orain bi urte PCan nahiz PlayStation kontsoletan. Game Erauntsia bideojokoa euskaratzeaz arduratu zen, gainera.
Crossy Tomato: Ultimate Run, zoritxarrez, ez dugu euskaraz aurkituko. Doan joka dezakegu, hori bai, baina partiden artean ohiko iragarkiak ikusi beharko ditugu. Hala ere, partida batzuk jokatzeko titulu aproposa eratu du Fernandezek Unity eta Blender tresnak erabilita.
Iruzkinak