Abenduaren 10ean estreinatuko da azkenean. Night City Wire aurkezpenaren laugarren atalean ibilgailuak eta pertsonalizazio aukerak ezagutzera eman dituzte.
Hirugarrenez, CD Projekt RED garatzaile poloniarrak Cyberpunk 2077 geroratzeko erabakia hartu du. Jokoa produkzioaren gold fasean dagoela adierazi eta aste batzutara iragarri dute berandutzea. Azaroaren 19an kaleratu behar zen lana abenduaren 10ean estreinatuko da azkenean.
RPGan garatzen ari zirela aditzera eman zuten lehen aldiz orain zazpi urte. Ordutik hona kontsolen belaunaldi berri baterako lan egiteko beharra nabarmendu dute Adam Badowski eta Marcin Iwinski arduradunek: “guretzako erronkarik handiena bideojokoa oraingo belaunaldian, datorrenean eta PCan argitaratzea da”. Hori horrela, bideojokoa bederatzi plataforma desberdinetarako garatu eta prestatu behar dutela azaldu dute, etxetik lan egiten ari diren bitartean. “Bertsio guztiek ondo funtzionatzen dutela baieztatu behar dugu”.
21 eguneko atzerapenak guzti hori ziurtatzea ahalbidetuko diela diote jokoaren arduradunek. Gold fasean egoteak jokoa prest dagoela eta bukatu daitekeela adierazten duela azaldu dute, baina hala ere garatzen ari diren lanaren kalitatea areagotzeko asmoa agertu dute. Hori abenduaren 10ean jokoarekin batera kaleratuko duten eguneraketa batekin lortu nahi dute garatzaileek.
Zaleei barkamena eskatu diete berriz, baina hartutako erabakia zuzena dela uste dute Badowskik eta Iwinskik: “garatu dugun jokoa izugarria dela uste dugu, eta erabaki zailenak hartzeko prest gaude maiteminduko zaituen bideojoko hori lortzeko beharrezkoak diren bitartean”.
Hainbat iturrik adierazi dutenez, CD Projekt REDeko langile asko iragarpena publiko egitearekin batera ohartu dira atzerapenaz. Jason Schreier kazetariaren esanetan jokoaren arduradunek txioa argitaratu zuten une berean bidali zieten langileei erabakiaren berri ematen zuen posta elektronikoa.
Etorkizuneko autoak eta moda
Orain egun batzuk Night City Wire aurkezpenen laugarren eta azken atalean jokalariek abenturan izango dituzten pertsonalizazio aukerak azaldu zituzten: gidatzeko egongo diren autoei eta janzteko egongo diren erropa estilo desberdinei buruz hitz egin zuten aurkezpenean.
Bertan bildutakoen artean jokoan gidatzeko egongo diren ibilgailuak nabarmendu zituzten. Autoak, motorrak, kamioiak eta beste hainbat ibilgailu mota ikusiko dira Night Cityn. Garatzaileek bost kategoria desberdinetan banatu dituzte: Economy, Executive, Heavy Duty, Sport eta Hypercars. Horietako bakoitzeko ibilgailuek itxura, gidatzeko era eta ezaugarri propioak edukiko dituzte.
Bideoan ikus daitekeenez ibilgailuak gidatzerakoan sortutako pertzepzioa asko hobetu da lehen gameplay bideoetatik. Grand Theft Auto saga gogora ekartzen duen aukerak ditu Cyberpunkek: lehen zein hirugarren pertsonako ikuspegia eta jendea autoetatik botatzea horiek lapurtzeko dira, esaterako, aurkezpenean ikusitakoak.
Benetako ibilgailuak ere agertuko dira 2077. urteko jokoan. Johnny Silverhand pertsonaiaren Porsche 911 klasikoa azalduko da, adibidez. Keanu Reeves bera azaltzen da bideoan ibilgailuen soinu eta itxurari buruz hitz egiteko.
Cyberpunk 2077ri buruzko lehen datuak ematen hasi zirenetik pertsonalizazioa izan da poloniarren jokoaren ardatzetako bat: “berdin dio hilda bazaude, estiloarekin hilda bazaude behintzat”, diote trailerrean. Erropak, armak, inplanteak eta beste zenbait elementu aukeratu eta norbere ukitua emateko aukera egongo da Cyberpunken.
Garatzaileek lau estilo mota nabarmendu zituzten: Kitsch, Entropism, Neomilitarism eta Neokitsch. Bakoitza guztiz desberdina izango da noski, eta horien jatorriari buruz mintzatu ziren aurkezpenean.
Esan bezala, Cyberpunk 2077 abenduaren 10ean helduko da PC, PS4 eta Xbox One eta Stadiara; beranduago PS5 eta Xbox Seriesean estreinatuko da. Egungo belaunaldiko kontsoletarako bertsioa erosita azaroan merkaturatuko diren kontsoletarako bertsioa doan jasoko dute jokalariek. Aurkezpena trailer zinematiko berriarekin bukatu zuten.
Iruzkinak