CD Projekt Redek jokalariek hartu ahalko dituzten erabakien ondorioak azaldu eta erabiltzeko egongo diren arma motak zehaztuko ditu.
Cyberpunk 2077 azarora atzeratu dute, baina uda bideojokoari buruzko berritasunak azaltzeko aprobetxatzea erabaki du CD Projekt Red garatzaile poloniarrak. Hori aurkezpen digital txikien bidez gauzatzen ari dira, eta bigarren atala gaur bertan ikusiko dugu.
Txio batean adierazi dutenez, Night City Wire 2 ekimena 18:00etan hasiko da garatzailearen Twitch kanalean. Aurkezpenean jokalariek har ditzaketen erabakien inguruan ariko dira, horiek ekar dezaketen ondorioak nabarmenduta.
Ez hori bakarrik, erabili ahalko diren armategia ikusiko dugu, Cyberpunken egongo diren arma mota desberdinak zehaztuko baitituzte. Gainera, Refused musika talde poloniarrak bideojokoan murgiltzeko egindako aldaketak ere aipatuko dituzte: Night Cityn Samurai izeneko taldea izango dira.
Lehenengo Night City Wire aurkezpenean Braindance izeneko ezaugarria nabarmendu zuten garatzaileek. Bideojokoaz gain Netflixek ekoiztutako animea egongo dela jakin genuen gainera. Cyberpunk: Edgerunners Studio Trigger japoniarraren eskuetan dago.
Cyberpunk 2077 azaroaren 19an argitaratuko da PC, PS4 eta Xbox Onean. Hilabete batzuk geroago PS5 eta Xbox Series Xko bertsioak ere kaleratuko dituzte; gaur egungo kontsoletarako jokoa erosten dutenek doako eguneraketa jasoko dute hurrengo belaunaldirako.
Iruzkinak