Gaua Games estudioa Celeste edo Super Meat Boy klasikoen ibilbidea jarraitzen duen plataforma abentura sortzen ari da.
Darby Is Here Forever urtea bukatu aurretik argitaratuko da. Horrelaxe adierazi du Gaua Games talde bilbotarrak kaleratu duen azken bideoan. Data baieztatzearekin batera, probatzeko gaurkotutako demoa jaso du Steam plataforman.
Hain zuzen ere, Steam Next Fest jaialdiko eskaintzaren baitan aurkituko dugu Darby banpiroaren probaldia. Kriptatik ihes egiten lagunduko diogu izakitxoari, bidean denetariko oztopoak gaindituz.
Celeste inspirazio iturri argitzat hartuta, gela txikietako erronkei aurre egiten ibiliko gara: salto egiteaz gain, planeatzeko ahalmena dauka gure protagonistak, baita odolezko plataformak sortzekoa ere. Ahalmenok modu aproposean erabiltzen ikasi beharko dugu kriptatik nabigatzeko.
Metroidvaina elementuak biltzen ditu, gainera: kripta esploratu ahala, hau konektatuta dagoela ikusiko dugu, desafio zein helburu desberdinak proposatuta. Jokagarritasun bizkor bezain sinplearekin, plataforma abenturen zaleentzako indie itxurosoa prestatzen dabil Bilboko estudio hasiberria.
Dena ondo badoa, 2025a bukatu aurretik izango da gure artean behin betiko bertsioa; ez hori bakarrik, guztiz euskaratuta kaleratzeko asmoa agertu dute egileek. PCrako aipatu digute, oraingoz, Darby Is Here Forever.
Bilbotik baita, Terrifier The ARTcade-n demoa
Garatzaile bilbotarrekin jarraituz, Relevo talde beteranoak Terrifier The ARTcade abenturaren demoa eskaini du Steam saltokian.
Generoz aldatzen gara, beat ‘em up klasikoen zein modernoen ezaugarriak —Scott Pilgrim vs. The World maitatuarenak, bereziki— hartzen dituen abentura odoltsua baita Terrifier. Banpiroak izan gabe, filmeen saga beldurgarriko protagonistetan bilakatuko gara oraingoan.
“Laster” argitaratzeko asmoa daukate Relevokoek; printzipioz, Terrifier The ARTcade aurten iritsiko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara, baina behin betiko argitaratze data ezagutzeke dago oraindik.
Iruzkinak