Game Erauntsia Elkarteak Gaua Games talde bilbotarraren lehen bideojokoa lokalizatu du. Steam plataforman aurkitzen da.

Darby is Here Forever ofizialki euskaratu du Bilboko Gaua Games estudioak. Banpiro txikiaren plataforma abentura gure hizkuntzan aurkitzen da dagoeneko.

Azken eguneratzearekin gaurkotu dute jokoa; izan ere, estreinatzerakoan, garatzaileak ez ziren iritsi Darby euskaraz edukitzera. Game Erauntsia Elkartearen laguntza jaso dute titulua euskaratzerakoan, obra independentea osorik lokalizatuta.

Irailaren 20an kaleratu zuten bilbotarrek Darby is Here Forever. Ezagutzen ez duzuenontzat, Celeste edo Super Meat Boy bezalakoen plataforma erronkak bereganatzen dituen metroidvania estiloko indie jokoa da. Darby banpiro txikia gidatuko dugu bere arbasoen gaztelu erraldoitik zehar: deabru erregeak gaztelua eta inguruak inbadituta, haurraren esku egongo da bere soldaduei aurre egitea eta gaztelua askatzea.

Bi abilezia nagusi erabiliko ditu 200 pantailetan zehar ageriko diren desafioak gainditzeko. Alde batetik, odol plataformak sor ditzake are urrutiago iristeko; bestetik, planeatuta, gune zailenetaraino heltzeko gai izango da banpiroa. Mapan sekretuak eta bestelakoak aurkituko ditugu, baita garaitu beharreko etsai nagusiak ere.

Estreinalditik ona iritzi baikorrak bildu ditu Gauaren tituluak, Steamen nota positiboa eskuratuta. Prezioak ere eragingo zuen, jokoa benetan merke kaleratu baitute bilbotarrek: une honetan, 2,15 eurotan eros dezakegu PCan. Esan bezala, euskaratzea ofiziala da; hortaz, jokoaren menu nagusitik hizkuntza aldatuta nahikoa izango da testuak gure mintzairan azaltzeko.

 

Zozketa, abian!

Euskaratzea ospatzeko, Gaua Gamestik Darby is Here Foreverren zozketa prestatzeko kodea eskaini digute. Ohi bezala, Steamgifts webgunean antolatu dugu: izena emateko, sartu hemen.

Urriaren 18an bukatuko da zozketa: orduan iragarriko dugu irabazlea. Parte hartzeko, Steam kontua beharko duzue —gutxienezko baldintza batzuk betetzea eskatzen da Steamgiftsen erabiltzailea sortzeko, adibidez, 100 euro baino gehiagoko balioa duen kontua edukitzea—.