Dark Souls sagaren PC-ko zerbitzariak berrezartzeko asmoa agertu du Bandai Namco-k

Lander Unzueta | 2022/05/30 14:00 Berriak



Lau hilabete daramate itxita, segurtasun arazo larrien ondorioz. Lehenik eta behin, hirugarren atalarena abiaraziko dutela diote.

Ordenagailuko jokalariek Dark Souls sagako abenturak beste lagun —edo arerio— batzuekin berriz bizitzeko aukera gero eta hurbilago dagoela dirudi. Bandai Namcokoek PC Gamer agerkariari baieztatu diotenez, FromSoftware-k garatutako hiru bideojokoen zerbitzariak berrezartzeko lanean ari dira japoniarrak.

Urtarrilean itxi zituzten zerbitzariak. Zergatia: segurtasun arazo larriak. Urrutiko kodearen exekutatze ( RCE, ingelesez) baten bidez hackerrek beste jokalarien ordenagailuak eraso zitzaketela salatu zuten hainbat zalekizan ere, erabiltzailearen baimenik gabe nahi duten kodea exekuta dezakete PC hauetan, ordenagailuaren kontrol guztia lortuta.

Otsailean arazoa identifikatuta zeukatela aldarrikatu ostean, Bandai Namcokoek ez dute beste adierazpenik egin orain arte. PC Gamerrekoek zabaldu dutenez, “bideojoko bakoitzaren online zerbitzuen berrezartzea mailakatua izango da”. Hori horrela, lehenengo eta behin Dark Souls 3-ren sare bidezko jokoa irekiko dute “arazoa zuzentzeko beharrezko lanak egin ondoren”.

Hirugarren atala lehena izatea ez da harritzekoa: zerbitzariak itxi aurretik komunitate aktiboena zeukan titulua zen, hilabetero 10.000 eta 15.000 jokalari bilduta PCan. Hala ere, berrezartzeari ez diote data zehatzik jarri nahi oraindik: egutegia prest daukatenean honen berri emango dutela agindu dute japoniarrek jokalariak lasaitzeko helburuarekin.

Egia esan, asko izan dira garatzaileen arduragabekeriaz kexu azaldu direnak, bai prentsa aldetik, bai jokalarien artean. Zerbitzariak berriz irekitzea eskatzen duten aldarrikapenak geroz eta ohikoak izan dira sarean.

Elden Ring arrakastatsuaren garapenean segurtasun arazo berberak zeudela nabarmentzen zuten bideojokozaleek; Bandai Namcokoek, ordea, segurtasun neurri guztiak inplementatzeaz ziurtatu zirela adierazi zuten. FromSoftwaren azken bideojokoari buruzko analisi sakona argitaratu genuen Game Erauntsian orain egun batzuk.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam konexioak huts egin du...

Azken erantzunak

Ibai Aizpurua 2024ko mai. 29a, 21:10

Analisi ederra! Beti erosi eta jolasteko zerrendan izan dut. Hain laburra dela jakiteak puntuak irabazi ditu neretzat!
LEGO Builder's Journey

Beñat 2024ko mar. 26a, 20:15

Erabat ados Journeyri buruz esandakoarekin. Ea laster Flower hasi eta bukatzeko aukera dudan, bere unean, lehen maila probatu besterik ez bainuen egi…
Journey: bizitza, bidai [Analisia]

Ibai Aizpurua 2024ko mar. 14a, 11:18

Analisi ederra! Ea noiz hartzen dudan denbora joko honetan jolasteko. Oso Amanita zalea naiz!
Creaks