Motion Twin-eko garatzaileek roguelike titulu arrakastatsuaren eguneraketen bide orria aurkeztu dute. Udan helduko dira lehenengo berritasunak.
Dead Cells 2017. urtean estreinatu zen arren, Motion Twinen bideojokoak hainbat eguneraketa eta espantsio izan ditu azken urteotan. Arduradunek jakitera eman dutenez, 2023ra arte berritasunak kaleratzen jarraituko dute.
Are gehiago, gaur egun jokoa bere bizitza zikloaren erdigunean dagoela adierazi dute garatzaileek. Datozen eguneraketen berri emateko, gainera, bide orria aurkeztu dute Steam saltokiko blogean. Bertan ikus daitekeenez, jasoko dugun lehenengo eguneraketa uda honetan iritsiko zaigu: panchaku izeneko arma jasoko dugu horrekin. Irudian argi azaltzen da: kate batekin lotutako bi zartagin dira, nunchaku estilora. Besteak beste, protagonistari begira dabiltzan etsaiei min kritikoa egingo die.
Hau da, zalantzarik gabe, interes gutxien piztuko duen adabakia; izan ere, udazkenean Boss Rush modalitatea iritsiko da Dead Cellsera. Horrekin etsai nagusi guztien aurka zuzenean borrokatzeko aukera edukiko dugu. Duelu latzak praktikatzeko modu ezin hobea izango da: borroketan aurrera egin ahala ekipamendu hobea desblokeatuko dugu. Gainera, klasifikazio taulak ere bilduko ditu, lagunen markak hobetzen aritzea sustatzeko.
Urte bukaeran beste adabaki bat jasoko dute jokalariek: ez dituzte honen edukiak zehaztu, baina “jokatzeko ezaugarri berriak” izango direla adierazi dute.
Berritasunik interesgarrienak datorren urtean helduko dira. “Dead Cellsen ibilbideko urterik zirraragarriena” izango dela azpimarratu dute Motion Twinekoek; ez hori bakarrik, 1.0 bertsioa kaleratu zutenetik prestatu duten “argitalpenik handiena” izango da.
Aurreikusitako data guztiak mantentzeko gai izatea espero dute; hala ere, eguneraketak uste baino beranduago iristeko aukera ere badagoela diote, beraz adi ibili beharko gara. Ohi bezala, edukietako batzuk doakoak izango direla suposa daiteke; handienak, baina, ordainpekoak izango dira ziurrenik.
Horrela jokatu izan dute orain arte: Dead Cellsek era guztietako DLC-ak jaso izan ditu azken lau urteotan. Zuzenketa nahiz eduki txikiak gaineratu dituzten adabakiekin batera, The Bad Seed, Fatal Falls zein The Queen and the Sea espantsio erraldoiak ere garatu dituzte sortzaileek.
PC, PlayStation 4, Xbox One, Switch zein Android eta iOS plataformetan eskura daiteke Dead Cells.
Iruzkinak